APOA: Gabriel Aresti
Atzo bete ziren 60 urte Gabriel Arestiren Harri eta herri argitaratu zela. Gaur APOAn Gabriel Arestiren poesiara hurbilduko gara, Koldo Izagirrek apailatutako XX. mendeko poesia kaiera oinarri hartuta. Hauxe topatu dugu hitzaurrean:
Poesia mailu bat dela esateko ausardia ukan zuen Gabriel Arestik, eta estetika obrerista baten aldekoa dirudien deklarazio honek ikusi batean uste genezakeena baino irakurketa anitzagoa du: mailua lanabesa da eta, ondorioz, poesia tresna da, ez helburu. Bederatzi lerroko poematxo hartan jarri zen estreinakoz euskal poesia poesiari berari buruz hausnarrean, eta hori izan zen Harri eta Herri, ona edo txarra kategorietatik gorago dagoen liburu bat, modu berria zekarrelako: Euskal Herriaren dimentsio urbanoa ere hartu zuen; garbi-mordoilo antinomia gainditu zuen hizkera herrikoi eta aldi berean jaso bat proposatzeko; poesiaren gaiagatik eta estiloagatik garaiko korronteetan txertatu gintuen, eta aurreiritzi klerikaletatik libro ageri zen. Bertute handiegiak dira poemen ederraz edo ederragoaz kezkatzeko. Liburu fundazional guztiak bezala, ikur bilakatu zen, eta esan genezake itzal egiten diola egilearen obra osoari.
Gaur bilduko gara, 19:00etan Dinamoan, elkarri Gabriel Arestiren poemak irakurtzeko.