- https://www.kulturaz.eus/agenda/minan-irrati-solasaldia
- MIÑAN | IRRATI SOLASALDIA
- 2024-10-19T11:00:00+02:00
- 2024-10-19T23:59:59+02:00
- Ibrahima Balderen kontakizuna gertutik ezagutu (eta kontatu) duten gonbidatuz osatutako irrati saio irekia burutuko du Kulturaz kooperatibak.
- MIÑAN | IRRATI SOLASALDIA
MIÑAN | IRRATI SOLASALDIA
Ibrahima Balderen kontakizuna gertutik ezagutu (eta kontatu) duten gonbidatuz osatutako irrati saio irekia burutuko du Kulturaz kooperatibak.
Duela bost urte Miñan liburuak argia ikusi zuenean, txundituta utzi gintuen Ibrahima Balderen historiak, eta historia hori idatzira ekarri zuen Amets Arzallusi deitu genion: Amets, Ibrahimaren Europarako bidaia kontatu duzue liburuan, baina hemen, hemen nola bizi da? Irunen hartu genuen trena Madrilerako, eta trenean kontatu zigun Ametsek Irungo Harrera Sarean ezagutu zuela Ibrahima, eta ikaragarria egin zitzaiola historia hasieratik, berezia, eta elkarrizketaz elkarrizketa harreman bat, mugimendu bat joan zela sortzen euren artean, eta horrela jaso zuela idatziz Ibrahimak ahoz kontatua. Madrilen grabatu genituen Ibrahima eta Amets, baina grabatu ez genuena geratu zitzaigun gogoan, bidaia laburra izanagatik: afaria, Ibrahimaren begiak, eta grabaziorako liburu bat behar genuela konturatuta hotelera joan ginela, eta heltzean, denon harridurarako, Ibrahimak motxilatik atera zuela bere alea: beti aldean daramat. Argazkiak egin genituen metro geltokian agurtu aurretik, geuretzako ordea, ez argitaratzeko. DAPA batean jaso genuen Miñan liburuaren sorrera, Ametsen eta Ibrahimaren arteko adiskidetasuna, nola bizi zen orduan Ibrahima Europan, eta geu ere bidaide sentitu ginen nolabait. Gerora, geu ere poztu gara Miñan beste hainbat hizkuntzara itzultzeko bidean ikustean, bai eta itzulpenek egin duten bideaz jakitean ere. Halaber, poztu ginen jakin genuenean Artedramak antzerkira eraman behar zuela liburua. Orain, liburua argitaratu zela bost urte bete direnean, Soreasu Antzokian Miñan antzezlana ikusteko zoria izango dugu, azaroaren 1ean, Antzerki Topaketen baitan.
Dena batzen zela ikusita, denak bildu eta solasaldi bat egitea okurritu zaigu Kulturaz kooperatiban, eta halaxe antolatu dugu irratirako solasaldi hau. Amets Arzallus bera, liburua inglesera itzuli eta antzerkirako moldatu duen Timberlake Wertenbaker, eta antzezlana zuzendu duen Ander Lipus ariko dira solasean, Arantxa Iturbek gidatuta. Soreasu Antzokian bertan egingo dugu, oholtzan, ikustera eta entzutera etorri nahi duen jendeari irekia. Izena eman behar da horretarako aurrez. Urriaren 19an izango da, larunbata, 11:00etan hasita.