Berrikuntzekin dator 2018ko kultur bonoa
Uztarria eta Urola Kostako Hitzako lagunek egin digute kultur bonoari buruzko albistea. Salmenta azkar doa. Eskerrik asko kultur zaleok!
“Herritarrak kulturarekin hazi eta hezi daitezen”, badator 2018ko kultur bonoa. Azpeitiko Udalak eta Kulturaz kooperatibak sustatu dute egitasmoa, seigarren urtez jarraian. Kepa Urbieta Kulturazeko kideak azaldu duenez, “jendea kulturara erakartzea” da asmoa. Haren esanetan, beste urteetako oinarri berberak edukiko ditu bonoak, baina zenbait berrikuntza ere izango ditu. Besteak beste, aurrerarentzean, www.kulturaz.euswebgunea erabilta kultur bonoen jabeek txartelari eman dioten erabileraren inguruko xehetasunak ikusi ahal izango dituzte.
Horrez gain, eskaintza aldetik ere izango da berrikuntzarik. Bonoa eskuratzen duenak Sanagustinen zortzi kontzertu doan ikusi ahal izango ditu, eta gainontzeko ikuskizunez erdi prezioan gozatu ahalko du. Umeentzako ikuskizunen kasuan, beste urteetako prozedura bera jarraituko dute: hau da, gurasoa eta haurra sartuko dira doan bonoarekin. Horrez gain, datorren urtean Soreasun izango diren ekitaldi guztiak erdi prezioan ikusi ahal izango dituzte. Kultur bonoak zer ekitalditarako balio duen jendeak argi izan dezan, Kulturazen webgunean, agendaren atalean, kultur bonoa erabiltzeko balio duten ekitaldien ondoan ikur bat jarriko dute.
Bonoak salgai jarriko dituzte, Sanagustin kulturgunean, 60 euroren trukean. Josu Labaka kultura batzordeburuak azaldu duenez, “behar gehien” duten sektoreek erdi prezioan eskuratu ahal izango dute: hain zuzen ere, ikasleak, langabetuak, Gazte Txartela dutenak eta jubilatuak sartzen dira sektore horren barruan. Ohi bezala, salgai jarriko duten bono kopurua mugatua izango da. Azken urteetan agortu egin dira bonoak, eta beste behin ere kulturazaleek “erantzun ona emango duten esperantza” dute sustatzaileek.
Datorren urteko kultur bonoak pertsonalizatuak izango dira. Dena den, bonoa erostean, pertsonalizatu gabeko txarteltxo bat jasoko dute herritarrek, eta gero berriro pasatu beharko dute bono ofizialaren bila. Ekitaldien kontsumoa agortuz gero, beste bono bat erosteko aukera izango dute erabiltzaileek; aurretik ez dago horretarako aukerarik. Norbanako bakoitzak txartel bat izango du, gehienez, eta eskualda daiteke. Txartela dutenentzat sarrerak erreserbatu egingo dituzte zutik ikustekoak diren ekitaldietarako; leihatilan, bonoa erakustean, jasoko dute sarrera. Baina gainontzeko kasuetan ez da erreserbarik egingo, eta lehenago eskuratu beharko dira sarrerak; hori bai, deskontua izango dute.
Kulturaz kooperatibako kideak hasi dira dagoeneko datorren urterako programazioa zehazten. Adin eta gustu guztietako ekitaldiak programatzen saiatuko direla azaldu dute. Hona hemen zenbait aurrerapen:
-Kontzertuak
Urtarrilak 13. Nogen eta Anita Parker, Sanagustin kulturgunean.
Otsailak 24. Aurora & The Betrayers, Sanagustin kulturgunean.
Martxoak 10. Atom Rhumba, Sanagustin kulturgunean.
Maiatzak 4. Izaro, Sanagustin kulturgunean.
Maiatzak 5. Esto No Es Rock Radical Vasco, Sanagustin kulturgunean.
Urriak 7. The Posies, Sanagustin kulturgunean.
-Arte eszenikoak
Urtarrilak 5. Ekain-txou eta lagunak, Soreasu antzokian.
Urtarrilak 26. Txarriboda antzezlana, Soreasu antzokian.
Otsailak 17. Pupu eta Loreren Euri tanta banintz, Soreasu antzokian.
Martxoak 2. Biziminak antzezlana, Soreasu antzokian.