Bueltan da Hator Hator Horror Fest beldurrezko zinema jaialdia
Abenduaren 16, 17 eta 18an Hator Hator Horror Fest-en bigarren edizioa ospatuko da Azpeitian. Fikziozko eta animaziozko film labur, euskal film, estreinaldi, kontzertu, tailer eta erakusketek osatuko dute, besteak beste, zinemaldia. Beldurrezko zinema jaialdia Azpeitiko Udalak, Ospel Filmsek eta Kulturaz Kooperatibak antolatu dute elkarlanean.
K-sarien lehiaketa irekia
Berrikuntza gisa, bigarren edizio honetan, K-sarien lehiaketa irekia ospatuko da. Bertan, animaziozko edo fikziozko euskal film labur onena sarituko da, lehiaketa ireki baten bidez. Laburmetrai sariduna 2023ko Donostiako Zinemaldian K-sarien sailean emango dute. Lehiaketa honetan edozein euskal ekoiztetxek parte har dezake, filma info@ospelfims.com helbidera bidalita. Lanak bidaltzeko epea azaroaren 7an amaituko da.
Kultur ekintzak
Antolatzaileek kultur ekintza ugariz betetako asteburu berezia prestatu dute; lehenengo edizioan arrakasta handia izan zuten haurrentzako makillaje eta marrazki tailerrak errepikatuko dira, esaterako; Brew and Roll garagardo ekoizleek eskainitako garagardo-dastaketa ere ez da faltako, eta, gainera, beste sorpresa batzuk ere izango dira (kontzertua…). Datak gerturatu ahala emango dira egitarauaren inguruko xehetasun
gehiago.
Bigarren edizioaren kartelak Clive Barker-en (1987) ‘Hellraiser’ filmari egiten dio
erreferentzia.