Ekhi Lambert, EKEk, Atabal aretoak, Kulturaz Kooperatibak eta Musika Bulegoak elkarlanean sortu duten egonaldi artistikoan

2023/09/06
Ekhi Lambert, EKEk, Atabal aretoak, Kulturaz Kooperatibak eta Musika Bulegoak elkarlanean sortu duten egonaldi artistikoan
EKEk, Atabal aretoak, Kulturaz Kultur Kooperatibak eta Musika Bulegoak, egonaldi artistikoen programa berri bat sortu dute. Ekimen berri honetan parte hartzeko aukeratua izan den lehenengo musikaria Ekhi Lambert izan da.

 

Elkarlanaren lehendabiziko edizio honen helburua Euskal Herriko musikari, sortzaile eta musikaren alorreko eragileei proiektu berriak sortu eta lantzeko espazioa, baliabideak eta laguntza eskaintzea dira.

Bi zatitan banatuta egongo den egonaldi bakoitza bi egunetakoa izango da eta Atabal aretoan (Biarritz) eta Dinamoa sormen gunean (Azpeitia) burutuko da.

Proiektua borobiltzeko, egonaldi-burutze publiko bat eskainiko ditu Ekhi Lambertek Lartzabaleko Ezpeletenia ostatu-gune kulturalean, baita disko berriaren aurkezpen kontzertu bat ere Atabal aretoan.

Datei dagokionez, urriaren 4ean eta 5ean Dinamoan, eta urriaren 10ean eta 11n Atabal aretoan gauzatuko dira egonaldiak.

Ezpeleteniako egonaldi-burutze publikoa urriaren 12an iraganen da, Atabaleko kontzertuaren data aldiz, oraindik zehazteke dago.

Etorkizunean hazi nahi duen elkarlanaren lehenengo pausua da honako hau eta 2024ean burutuko diren elkarlanen abiapuntua izango da.

 

Ekhi Lambert

Irulegiko konpositore eta kantautorea da Ekhi Lambert. Bere abestiak sortzeaz eta abesteaz gain beste hainbat artista, orkestra eta dantza taldeekin lan egin du (Baigorriko Gaiteroak, Arrola taldea, Altxalili Show!, Haira etab).

Seitan kantu talde ohiaren kide izan zen musikariak 2019an argitaratu zuen ‘Hausturak’ izeneko lehendabiziko diskoa. 2024ko urte hasieran, “Inbasioak” bere estudioko bigarren lana aurkeztuko du eta diskoaren zuzenekoak landuko ditu egonaldi artistikoan.

Pop orkestralaren ildoan, Kate Bush edo Alain Bashung bezalakoen eragina erakusten duen diskoa sailkatzeko zaila bada ere, euskal kantagintzatik atmosfera epiko, fantastiko batzuetara bidaiatzea proposatzen digu lan berri honetan.

Musikari dagokionez, idazketa lanen eta musikariek hartu dituzten askatasunen arteko espazioa dela esan daiteke. Espazio bat non ahots bakarti bat aireratze instrumental dentso batzuei eusten den, nun sokazko orkestraren elegantziak Joseba Irazokiren gitarra soinu zorrotzak topatzen dituen.

Diskoa 2023ko udaberrian grabatu da Garate (Kaki Arkarazo) eta Shorebreaker (Johannes Buff) estudioetan, hogeita hamar bat musikarirekin gauzaturik. Grabaketa lanetan alboan izan ditu Ludovic Leriche, Joseba Irazoki, Félix Buff, Oihan Oliarj-Ines eta Oiasso Kamerata orkestra.

Erantzuna gehitu