Hitzaren Eskolaren 4. ediziorako deialdia ireki da

2023/06/26
Hitzaren Eskolaren 4. ediziorako deialdia ireki da
Hitzaren Eskola 2019an hasi genuen Azpeitian, Dinamoa sormen gunea ireki zenean, eta orain arte hiru edizio egin ditugu. Sormen guneetan ez da oso ohikoa izaten, baina guk Hitzari eremu bat eskaini genion Dinamoan, eta eremu horretako proiektu ardatza da. Hitza bera erdigunean jarrita egin dugu eskola hau.

Ez diziplina bat, bere tresna eta teknika espezifikoekin, baizik eta hitza bera, bere ertz guztiekin, bere ahal izugarriarekin, bere izaera
eta aukera guztiekin. Eta horretarako, hitza euren jardunaren oinarrian daukaten idazle, bertsolari, esatari, itzultzaile, aktore eta abarrak ekarri ditugu eskolak ematera, hitzaren ahozko nahiz idatzizko alderdiak lantzeko, eta adierazpide bakoitzak besteak nola aberastu
ditzakeen ikusteko, betiere osotasun baten bila: hitzaren jabe egitea belaunaldi berriak, hitza hartzeko bidea jartzea.


Hizkuntza da gure ardatza. Euskara, beraz. Eta hizkuntzaren lanketa kaleidoskopiko batekin sinistuta gaude aberatsago izango garela, tresna hobeak izango ditugula mundua gure hitzekin kontatzeko.

Lehen hiru edizioetan sei hilabeteko ikastaroa izan da, sei irakaslerekin, bakoitza hitzarekin lotutako adierazpide batekoa.
- HE1eko irakasleak: Gorka Arrese, Harkaitz Cano, Miren Gaztañaga, Irene Arrarats, Igor Elortza eta Lorea Agirre.
- HE2ko irakasleak: Arantxa Iturbe, Iñigo Aranbarri, Maddi Barber, Haizea Barcenilla, Andoni Egaña eta Xabier Erkizia.
- H3ko irakasleak: Ula Iruretagoiena, Koldo Almandoz, Mari Luz Esteban, Oier Guillan, Miren Artetxe eta Amets Arzallus.

Hirugarren edizioa bukatuta atsedena hartzea erabaki genuen, memoria egiteko batetik, eta Hitzaren Eskolaren egituraz hausnartzeko bestetik.

Memoria publiko egin dugu jada: https://dinamoa.eus/hitzaren-eskola-memoria/

Hausnarketa horren ondotik Hitzaren Eskola laburtzea erabaki dugu, eta hiru hilabetekoa egitea, hainbat jendek adierazi baitzigun 6 hilabetekoa luzea egiten zitzaiela, eta sei irakasle izan beharrean lau izango dira orain, eta horietako bakoitzak beste irakasle gonbidatu bat
ekarri ahal izango du. Era honetan, eutsi egin nahi izan diogu ezaugarri nagusiei: irakasleen aniztasuna eta eskolaren intentsitatea.

2023ko irailean hasiko dugu HE4, irakasle hauekin:
AMETS ARANGUREN
IRATI GOROSTIDI
ITZIAR UGARTE
JOSEBA SARRIONANDIA

...eta irakasle gonbidatu hauekin:
ION CELESTINO
ARANTZA SANTESTEBAN
MAIDER OLEAGA
PERU MAGDALENA

Izen ematea irekita dago, ekainaren 7tik uztailaren 7ra: https://forms.gle/qTKCjbiYxQK32QH76


Informazio guztia: https://dinamoa.eus/hitzaren-eskola-4/

Erantzuna gehitu