Mediazio eta sentsibilizazio ekimenak indartu ditu Kulturazek Txinaurriak proiektuarekin, Udala eta ikastetxeekin elkarlanean

2022/12/20
Mediazio eta sentsibilizazio ekimenak indartu ditu Kulturazek Txinaurriak proiektuarekin, Udala eta ikastetxeekin elkarlanean
Txinaurriak proiektua abiatu du Kulturaz kooperatibak Azpeitiko Udala eta herriko hiru ikastetxeekin batera azken hilabeteotan. Proiektuaren bidez, azaroa eta abenduan zehar 200 ikasle baino gehiagok sormen tailer batean parte hartu du.

Kulturaz kooperatibak sorreratik kultur ikusgarritasuna ez ezik, sormena eta transmisioa ere lantzea izan du xedetzat. Bide horretan, lehendik egiten ziren ekimenak indartzera dator orain Txinaurriak. Azpeitiko ikasleei kultur sormenera gerturatzeko aukera luzatzea,  ikasleengan modu desberdinean eragiteko bitartekoak eskaintzea eta ikasle kulturzaleak, parte hartzaileak, kritikoak eta sortzaileak heztea dira proiektuaren helburuetako batzuk.   

Herriko ikasle guztiei eskaintzen zaien programa da, hiru ikastetxeetan banatuta. Ikaslea hezkuntza arautuan dagoen urteetan zehar lau eremuetatik (hitza, gorputza, soinua eta irudia) pasa eta bakoitzean gutxienez esperientzia bat biziko du. 

Lehen blokea ikasturte honetako azaroaren 25a eta abenduaren 2a bitartean burutu da. Azpeitiko hiru ikastetxeetako DBH 3ko ikasleek Kamikaz, Horman Poster, Metrokoadroka eta Tripak kolektiboek gidatutako antzerki-mediazio eta -sentsibilizazio tailerretan parte hartu dute. Ikasturte honetan batxilergoko, lehen hezkuntzako eta haur hezkuntzako ikasleek ere jasoko dituzte hitzaren, irudiaren eta soinuaren eremuetako tailerrak, hurrenez hurren. 

Txinaurriak nahiz bestelako proiektu eta dinamikak kontuan hartuta, azken urtebetean herriko mila haur eta gaztetxo inguruk parte hartu dute Kulturazen proiekturen batean.

 

Proiektuko argazkiak: https://www.flickr.com/photos/94798257@N07

Erantzuna gehitu