Salgai daude jada 2023ko Kultur Bonuak
Abenduaren 12an ireki da 2023ko Kultur Bonua erosteko izen-ematea, kulturaz.eus webgunean. 2013an hasi genuen ekimen honek 11. urtea betetzen du eta oso harrera ona izan ohi du urtero herritarren artean. Kulturzaleek bonua eskuratzeko abenduaren 18a arteko epea izango dute. Salgai jarriko diren bonu kopurua mugatua izango da. 70€ko kostua izango du eta kooperatibak Azpeitiko udalaren laguntzaz, ikasle, langabetu eta pentsiodunei %50eko deskontua egingo die, beharrezko dokumentazioa aurkeztuta.
2023ko bonua digitala izango da, Kulturaz app-aren bidez. Bertan, ekitaldietako sarbideaz gain erabileraren jarraipena emateko aukera izango da. Izen-ematea kulturaz.eus-en egingo bada ere, bonuak Sanagustin kulturgunean banatuko dira, aurrerago zehaztuko den egunean.
Kultur Bonuaren bidez, Sanagustin kulturgunean, Soreasu Antzokian edota Dinamoa sormen gunean antolatutako sarreradun ekitaldiez doan gozatzeko aukera eskaintzen da:
- 10 sarrera KONTZERTUetarako
- 10 sarrera FILMEetarako
- 6 sarrera ANTZERKI/DANTZArako
- 6 sarrera HAURREN IKUSKIZUNetarako
- Kultur proiektu edo ikastaroetan parte hartzeko deskontuak.
Kultur Bonu bakoitzarekin ekitaldiko bi sarrera (gehienez) hartu ahal izango dira. Ekitaldi guztietarako sarrerak aurrez hartu beharko dira kulturaz.eus atarian. Bestalde, ekitaldien sarreran, Kulturaz app-aren bidez Kultur Bonua erakustea derrigorrezkoa izango da.
Kultur Bonua izan da herritarrei kultura eskura jarri eta kultur komunitatea indartzeko tresnetako bat. Azken urteotan kulturzale berriak sortzeko estrategiak diseinatzen dihardugu; kulturak etorkizunik izango badu ezinbestekoa da dugun ikuslegoa indartu eta belaunaldi berriak erakartzea.