Txinaurriak soinuaren eremuan

Beste urte batez, Dinamoa sormen guneko ateak ireki ditugu Azpeitiko lau ikastetxeetako ikasle guztiei esperientzia ezberdinak eskaintzeko asmoz. Ikasturte osoan zehar, Txinaurriak proiektuaren baitan, gure espazioa osatzen duten lau eremuetatik igaroko dira ikasleak: hitza, irudia, gorputza eta soinua.
Gaztetxoek egin zituzten jada lehen saioak soinuaren eremuan. Espazio horrek jolaserako eskaintzen dizkigun aukerak askotarikoak dira, horri esker, ikasleek soinuaren alderdi ezberdinak ezagutu zituzten berau entzun, grabatu, editatu eta nahastuz.
Taldekako dinamika desberdinetan egin zuten lan, batzuek, zuzeneko batean egiten diren lanak zeintzuk diren ezagutu zituzten. Kulturaz Kultur Kooperatibako soinu teknikariak prestaketa lanak, instrumentuen probak eta muntaiak nola egiten dituzten azaldu zizkieten. Ikasleek soinu mahaiarekin probak egin eta jolasteko aukera izan zuten benetan entzumen fina zutela erakutsiz.
Beste talde batek, bideo podcast baten grabaketa nola egiten den ikasi zuen. Ikasleek aukeratutako gai batetik abiatuta taldeko kide bakoitzari ardura bat egokitu zitzaion. Mikroaren aurreko tertuliakideak, soinu mahaiko teknikaria, kamerariak eta errealizatzaile lanak egin behar izan zituzten.
Ikasleak zoli eta prest agertu ziren ekintza oro, eta argi geratu zen sormen gaitasunik ez zaiela falta. Zentzumenen gozagarri izateaz gain kulturak baditu beste hainbat balio, balore eta medio. Txinaurriak proiektuak horiek indartzea du helburu.