Astrolabioa
Egunean behin lehiaketan egin zuten galdera lehengo batean: noiz argitaratu zuen Astrolabioa Jon Alonsok? Ez nuen asmatu. Amorrua eman zidan. Zenbat aldiz irakurri ote dut Astrolabioa, osorik eta zatika, batean eta bestean, kaleratu zenetik. Eta zenbat jenderi gomendatu.
Uste dut Astrolabioan irakurri nuela, baina baliteke beste libururen batean izatea ere, baina uste dut Jon Alonsori irakurri niola, beste Jon Alonsoren bati irakurri izana posible izan arren, Cervantesen Don Quijote espainol guztiek ezagutzen badute ez dela denek irakurri dutelako, liburua eta pertsonaia kulturan erabat sartuak daudelako baizik, belaunaldiz belaunaldi joan delako pasatzen liburuaren eta pertsonaiaren berrikuste bat, izan komiki, marrazki bizidun, telesail, liburu ilustratu edo dena delako.
Horixe gertatzen zaigu guri, bueno, horixe ez, kontrakoa. Gure liburu eta pertsonaiak hortxe galtzen dira, ahazten, deusezten, bere baitan jasoko dituen masa kulturarik gabe. Ez komikirako moldaketa, ez marrazki bizidun, ez telesail, ez film (labur bada ere), ez podcast, ez liburu ilustratu, ez ezer. Euskarazko liburuak ez dira pasatzen belaunaldiz belaunaldi, bakoitzak berrikus eta erabil dezan komeni zaion eran.
Edo hori irakurri uste izan nuen behintzat Astrolabioa liburuan, 2007an atera zutenean (eta ez 2000n, nik erantzun nuena).