Azken hitzaren bila

2024/11/07
Azken hitzaren bila

Apalategian bilatu dut Obabakoak, hortxe zegoen, Antton Olariagak egindako azal zoragarriarekin. Arriaga, airean zintzilik. Atxagak berak eskatu omen zion Arriaga nahi zuela portadan, han biltzen omen ziren eta Pott bandako lagunak. Garai batean jarri egiten nien liburuei noiz eta non erosiak ziren. Honek badakar: Azkoitia, 1994ko otsailaren 1a. 19 urte bete berriak. Baina liburua lehenago irakurri nuen, liburutegitik hartuta. Egiten nuen hori tarteka: asko gustatu zitzaidan liburua gero erosten nuen, behin irakurrita, etxean edukitzeko gerora berriro itzuli nahi banuen ere.

Orain liburu gutxi erosten dut, astirik hartzen al dut barren pixka bat irakurtzeko. Gutxi, nahi baino gutxiago. Baina tarteka itzultzen naiz liburu zaharretara, eta beti aurkitzen ditut gauza berriak.

Hemen ere, Camilo Lizardi eta Esteban Werfell ipuinak neuzkan gogoan, Bagdadeko morroia eta besteren bat ere bai, baina konturatu naiz idazkera bera dela lilura sortu zidana, eraman egiten baitzaitu, eta hortxe joan nahi baituzu, joan eta joan, Asteasutik Obabari, errealitatetik fikziora, habitatzeko moduko leku bakarrenetakora.

 

Erantzuna gehitu