Bakardade ardailaz beteegia

2024/05/23
Bakardade ardailaz beteegia
Pieter Bruegelen "Errugabeen sarraskia", liburuan aipatzen den artelanetako bat.

Aldiak izaten dira. Batzuetan ezer ez dela geratzen iruditzen zaizu, orainaldia gizena izanagatik, edo izateagatik, dena galtzen dela, etorri bezala joaten dela dena, pasatu egiten dela, ez duela arrastorik uzten, liburu dendak etortzen zaizkizu gogora, liburu mordo horiek, arreta pittin bat erregutzen, elkar joka, izenburu ederrekin, eta hitz horiek guztiak, ondo josita, istorio erakargarriak, mailu kolpea lako esaldiak, ez bat eta ez bi, hamarnaka, ehunka, liburu horiek guztiak, salmentarik ezean kaxetara itzultzen, biltegietan emango dituzte urteak, edo gillotinara bidaliko dituzte zuzenean, horra nola bilakatzen den ametsa traba, eta Hanta irudikatzen dut gero, Bohumil Hrabal eriari bizirik irauten lagundu ziona, hor nonbait, sotoren batean, ilunpean, liburu zaharrekin ahia egiten, munduak behar ez duen guztia desegiten, bakardade ardailaz beteegi hartan, bere gogoz kontra jakintsu bihurtua, prentsatik salbatzen dituen liburuak irakurriz, salbatzen dituen artelanen erreprodukzioekin biltzen paper-zamak.

Aldiak izaten dira. Beste batzuetan dena geratzen dela iruditzen zaizu, edo den guztiak uzten duela arrastoa behintzat, liburu horiek guztiek izango dutela zerbait eskaintzeko munduari, eta baita zeinek irakurria ere, utziko dutela zerbait, hitz bat besterik ez bada ere.

Erantzuna gehitu