Distantziak
Askotan gertatzen da: poesia diogu baina ez gara poesiaz bakarrik ari. Eta askotan gertatzen zaigu hori APOAn: poesia irakurtzen dugu baina ez gara poesiaz bakarrik ari. Irakurtzen dugu Chistopher Okigbo, eta ezinbestean hitz egiten dugu gure ignorantziaz, mundua ikusteko aukeratu edo jarri dizkiguten betaurrekoez, aurreiritziez, eta beste kontu askori buruz. Hitz egiten dugu baita ere poeta nigeriar baten itzulpenean agertzen diren hitz bitxiez, itzultzaileak amari entzundakoez, esate baterako, eta zubi horien ederraz. Eta hitz egiten dugu baita ere distantziez.
I
Haragia mamu harri etzanean
neu nintzen nire sorterriratzearen lekuko bakar…
Argi bareak beste balkoian:
iturri gogoangarriak ikurrez gainezka,
Zer ezkutatzen ote du nire jainkozko bozkarioak?
Katilu bat intsentsu, ipurtargi habia?
Neu nintzen nire sorterriratzearen lekuko bakar…
Ganbera zuriaren infloreszentzian
ahots bat, urrun-handitik
lurraren urtebetetzea abesten, ganbera lagun hartuta,
arraunean eraman ninduen etxera
labirinto ilunean zehar, algaratik ametseraino.
Meatzaria nire bakardadean
amets-ahotsa gorpuztua
zure jarraitzaile itsuen artean buru naizela
joango zara
berriro inurritegira…
Neu nintzen nire sorterriratzearen lekuko bakar…
II
Herio segadan iluntze hartan uharte hartan;
ahotsa oihartzun bila iluntze hartan uharte hartan.
Begiak galdu du argia,
argiak galdu du itzala.
Haizeak, orbelaren betiereko maiteminduak
igerilari trebeenari luzatu zizkion lotailuak…
Haragi edo hezur bako gaua zen;
ipuinetako zilarrezko ezkila gabeko iluntzea;
kriseilurik bakoa, banderatxo bako iluntzea;
adin edo oroimen bako iluntzea zen
hain kontu arruntez ari gara hizketan,
hain gertakari handien atarian…
Ganbera zuriko akara hormatuetan
piztia-kolorea galdutako begiek,
izpi goriko begien txikizioak,
josi ninduten hotz harri-urdinezko ohatilara.
begiek odola galdu arte
odolak usaina galdu arte.
leiho laukizuzeneko su betierekoak
ahantzi zuen airearen muineko errauts usaina:
larritasuna eta bakardadea…
isilarazia, nire oihu
sakabanatua, dantzariak
euren lakioan
harrapatuta, musuak,
gatibu hartuta eskuak;
odolez gorrizten diren
tarteak…
eta haien guztien atzean,
kotoi zuriko atorra soinean,
Herio andrea bera,
ospakizun buru
intsentsu lainotan,
atzazalak txukuntzen…
Erauzitako fruten antzera buruak biraka haren oinetan;
bere jiran erortzen ziren, otia bezain ugari, etendako soin atalak.
Ihartzen utzitako egur ezpalduaren antzera,
ospakizun laguntzaileen giltzadurak pilan.
Jagoleen odoletan garbitu zituen belaunak,
laguntzaileen erraietan atorra…