Esklaboak
Bostetan esnatu naiz. Gero eta gehiagotan gertatzen zait. Kolpean esnatu, eta badakit ez dudala berriro lo hartuko. Ez naiz jaikitzen, inor ez esnatzeagatik. Telefonoa hartu dut. Nabigatzailean 438 leiho dauzkat irekita. Gordetzen joan naizenak dira, bere garaian irakurri eta gordetzeko modukoak iruditu zitzaizkidanak, edo gero irakurtzeko gordetakoak bestela, eta inoiz irakurri gabeak, jakina.
Nor bere zoroak bizi omen du. Halaxe da, bai. Gordeta neuzkanetatik asko iritzi artikuluak ziren, elkarrizketa batzuk ere bai, erreportajeren bat edo beste. Hedoi Etxarterena zen bat, 2023ko uztailaren 15ekoa, Liburuak, errentagarritasuna, klasea, esaldi honekin hasten dena:
“EHko liburu-dendetako langileen soldata lehen hezkuntzako langile batenaren erdia da.”
Ez ditut, noski, 438 leihoak ireki, scrollean aritu naiz, hatzeatzen, atzeratze potoloan, zer gorde nuen ikusteak izua ere eragiten baitzidan. Batzuk ireki gabe itxi ditut, izenburua irakurrita bakarrik; beste batzuk ezin izan ditut ireki: ez da orria aurkitu. Berria berritu zutenetik galdu egin dira gauza batzuk. Normala da. Pena pixka bat sentitu dut, ireki ezin nituen horietan egon zitekeelako behar nuena, inon egotekotan. Autoengainuak bizirik jarraitzen laguntzen digu.
Sekula libururik irakurri ez diodan idazle bati 2021ean La Vanguardian egindako elkarrizketa bat topatu dut gero, hatzari behera emanda. Theodor Kallifatides. Izenburuagatik gordeko nuen: “Irakurtzea eta idaztea, antzinako munduan, esklaboen kontua zen”.
Orain bezalaxe orduan, etorri zait.
Jaiki, dutxatu, eta zazpiak eta zazpian sartu naiz lanera. Eta kantu hau etorri zait gogora: