garoan kirikolatza

2024/10/15
garoan kirikolatza

Baditu gauza hauek literaturak: etorri egiten zaizu. Gainera etortzen zaizu. Zu hor ari zara trikuarena poematik tiraka, jolasean, bene-benetan alegia, eta hartzen duzu liburu bat, eta hara non, han ere trikuak ageri dira. Gotzon Barandiaranen Galbahea liburuko poema bat:

garoan kirikolatza (bis)

uzkurra eta baratza

beharrik ez dugunona

hain da bizimodu latza

hain da bizimodu latza

garoan kirikolatza

 

zeru beltzean izarra (bis)

pinu artean lizarra

garenaz harrotzerako

zurituko zait bizarra

zurituko zait bizarra

zeru beltzean izarra

 

larrazkeneko langarra (bis)

begi ertzeko makarra

ez dago etorkizunik

ailitza gezur bakarra

ailitza gezur bakarra

larrazkeneko langarra

 

Pagaburuko tontorra (bis)

garrik gabeko txondorra

goikoaren esku fina

latza behekoaren lorra

latza behekoaren lorra

Pagaburuko tontorra

 

usaintsua ereinotza (bis)

nardagarri bekorotza

utopiak ezinari

daragio heriotza

daragio heriotza

usaintsua ereinotza

 

lorategian asuna (bis)

zikinarentzat gatzuna

galtzaileak lizundu du

herriaren maitasuna

herriaren maitasuna

lorategian asuna

Erantzuna gehitu