Hildakoen ekonomiari buruzko hamabi tesi

2024/12/19
Hildakoen ekonomiari buruzko hamabi tesi

Atzo APOAn Itziar Ugarte Irizar idazlearen Gu gabe ere liburua irakurri genion elkarri. Eta jada izenburuak berak iradokitzen duenez, edo nahi izatera hala uler daitekeenez bederen, ausentziak presentzia handia duen liburua da. Idazleak berak esan zuen Peru Iparragairrek Argiarako egindako elkarrizketan:

"Badago momentu oso inportante bat liburuan: gure bi aitona eta amona bat oso jarraian hil ziren, eta momentu intentsua izan zen niretzat. Absentzia fisikoa egon arren zuk jarraitzen duzu marko konpartitu hori zamatzen. Haien memoria kolektiboa zure parte ere bada, eta zure kontzientzia indibiduala memoria kolektibo askoren gurutzaketan osatzen da."

Elkarri poemak irakurtzen ari ginela, hainbat kontu atera ziren, baina bat errepikatzen zen etengabe: nola dauden lotuta bizitza eta heriotza, eta nola erakusten duen liburuak badoan mundua eta badatorrena mundu bakar berbera dela.

Ixiar Rozasen beltzuria ekarri genuen hizpidera, han ere kontu hauek presente baitaude oso, eta batez ere oharretan datorren testu bat, gaurko sarrerari izenburua ematen diona, John Berger idazlearena. Egileari baimena eskatuta itzuli zuen euskarara Ixiar Rozasek. Ignazio Aiestaranek ere itzuli zuen testu hauxe bera gero, eta bertsio hori da hemen dakarkiguna -ez bata bestea baino hobea iruditzen zaigulako, hau eskura dagoelako baizik, sarean-.

Hildakoen ekonomiari buruzko hamabi tesi

 

1. Hildakoek bizidunak inguratzen dituzte. Bizidunak hildakoen erdigunea dira. Erdigune honetan daude denboraren eta espazioaren dimentsioak. Erdigunea inguratzen duena denboragabetasuna da.

 

2. Erdigune eta bere inguruen artean hartu-emanak egoten dira, ohiki argiak izaten ez direnak. Erlijio guztiak kezkatuta egon dira hartu-emanak argiagoak egitearren. Erlijioaren sinesgarritasuna zenbait ezohiko hartu-emanen argitasunaren mendekoa da. Halako hartu-emanak sistematikoki ekoizten saiatzearen emaitza dira erlijioaren mistifikazioak.

 

3. Denboragabe eta denboraren arteko muga ukigabe zeharkatu ahal duenaren bakantasunaren ondorioa da hartu-eman argiaren bakantasuna.

 

4. Hildakoak behin izandako gizabanakoen gisara ikusteak beren zerizana iluntzen du. Hildakoek egiten dutena gure gain hartuz gero, saiatu bizidunak hausnartzen: kolektiboki. Espazioan zehar ez ezik, denboran barrena ere metatuko litzateke kolektibitatea. Behin bizi izandako guztiak hartuko lituzke bere baitan. Eta honela hildakoak hausnartu egingo genituzke. Hildakoak behin bizi izandakoak izatera bihurtu dituzte bizidunek, alta hildakoek bizidunak ere sartzen dituzte beren kolektibitate handian.

 

5. Etengabe behin eta berriro hasitako eraikuntzaren une denboragabean bizi izaten dira hildakoak. Eraikuntza unibertsoaren egoera da edonoiz.

 

6. Beren bizitzaren oroimenaren arabera, hildakoek dakite eraikuntza unea kolapso unea ere badela. Bizi izan ondoren, hildakoak ezin dira bizigabeak izan nehoiz.

 

7. Hildakoak une denboragabean bizi badira, nola eduki dezakete oroimenik? Denborara jaurti izana baizik ez dute oroitzen, existitu edo existitzen den orok egiten duen erara.

 

8. Hildakoen eta jaiogabeen arteko ezberdintasuna da hildakoek oroimen hori daukatela. Hildakoen kopuruak gora egin ahala, oroimena zabaltzen da.

 

9. Posibleari dagokion irudimen-tankera gisa hausnar daiteke denboragabetasunean existitzen den oroimena. Irudimen hau jainkoarekin lotuta dago (harengan datza), baina ez dakit nola.

 

10. Bizidunen munduan fenomeno baliokide baina kontrakoa dago. Batzuetan bizidunek denboragabetasuna nabaritzen dute, agerian loaldian, estasian, muturreko arrisku uneetan, orgasmoan eta apika norberaren heriotzaren esperientzian. Une horietan irudimen bizidunak esperientziaren esparru osoa ihaurtzen du eta norberaren bizitzaren edo heriotzaren ertzak gainditzen ditu. Hildakoen irudimen ernea ukitzen du.

 

11. Zein da hildakoek oraindik gertatu ez denarekin, etorkizunarekin duten harremana? Etorkizun osoa eraikuntza da, zeinean beren “irudimena” atxikita dagoen.

 

12. Nola gertatu dira bizidunak hildakoekin? Kapitalismoak jendartea deshumanizatu artean, bizidun guztiek hildakoen esperientzia igurikitzen zuten. Beren azken etorkizuna izaten ziren. Beren horretan bizidunak osagabeak izaten ziren. Honela hildakoak eta bizidunak elkarren mendekoak izaten ziren. Beti. Soilik norberekeria-mota moderno bakar batek elkarren mendekotasun hau apurtu du. Ondorioak hondagarriak izan dira bizidunentzat, zeinak hildakoak desagertu direlakoan dauden egun.

 

Erantzuna gehitu