Liburu aurkezpena: Anastasini zirkua

2024/12/10
Liburu aurkezpena: Anastasini zirkua

Gaur, 19:00etan Dinamoan, Miren Amurizak eta Malen Amenabarrek bien artean egin duten liburua aurkeztuko digute: Anastasini zirkua.

1936ko uztailean iritsi zen Anastasini zirkua Lodosara. Jatorriz italiarrak ziren arren, Afrikako iparraldetik sartu ziren penintsulan gora, eta bertakoak ziren, Ceutakoak, konpainiarekin zihoazen laguntzaileetako asko. Emankizun bakarra eskaini zuten; Espainiako Bigarren Errepublikaren aurkako estatu-kolpea gertatu zen egunean, hain justu, uztailaren 18an. Biharamunean, soldadu frankistek hartu zuten herria: zirkuko kide gehienak afusilatu zituzten eta bertan behera botata geratu ziren beren material eta animalia gehienak; karpa handi bat eta zamalanetarako erabiltzen zuten elefante bat, besteak beste. 

Elefante harekin topo egin zuen haurrarena da narrazio hau: “ez nintzaizuke hau kontatzen aritu behar, ahalik baxuen eta azkarren hitz egingo dizut, beraz, umeek elizan bezala”. Haur haren unibertsoa biltzen dute koadro errenazentisten arrastoan datozen argi-ilundun ilustrazio hauek. Sekretu txiki handi bat isilpean eduki ezin izan duen haur harena da liburu hau.

Anastasinitarren istorioa jaso dute Miren Amurizak hitzez eta Malen Amenabarrek irudiz Denonartean argitaletxeak kaleratu duen album narratibo esanguratsu honetan. 

Erantzuna gehitu