Mamuak
Beti irakurtzen dut gustora Iñigo Aranbarriren igandeko zutabea, baina herenegungoak bazuen beste aire bat, ikaragarri gustatu zitzaidan Ahaire bat. Holaxe hasten da:
Zer garen definitzeko beharrezkoak diren gertaerak salbatzea da memoriaren zeregina. Salbatu alferrikako izen, datu, denbora txatalen zabortegitik. Pilategitik ezinbestekoa duguna soilik hautatu, gero aldean eroateko, goazen tokira goazela.
Ez dugu aberastasun handiagorik oroitzapen hautatu horiek baino.
Oroitzapen hautatu horiek, zalantza sortu zitzaidan, nola hautatzen ditugu? Norberak hautatzen ditu? Kontziente da egin duen hautuaz? Ala gure baitan bizi den beste gu batek hautatzen ditu guretzat?
Hizlandia podcasterako elkarrizketa batean Arantza Santestebanek esandakoaz oroitu nintzen: ez gaituzte iraganeko mamuek izutzen, etorkizunekoek baizik. Eta pentsatu nuen, batzuetan min eman arren, iraganeko mamuek badakitela gozoak izaten ere.
Pentsamendu horien lurrunean iritsi nintzen Nerea Arrutik idatzitako Fantasmagoria (II) erreportajera. Eta une batez beste guztia utzita kala gaineko etxe horretan idaztera jartzea zer gauza ederra izango litzatekeen fantaseatu nuen, baina ez naiz Truman Capote, ez naiz Leila Guerriero, eta ez naiz sekula joango etxe horretara idaztera. Ezta beste batera ere, seguruenera. Egonaldi ederrak egindakoa naiz neure bizitzan, hori bai, Leioako campuseko kafetegian Odol hotzean irakurtzen eman nuen hura, esaterako. Horra, oroitzapen hautatu bat.
Neuri baino axola ez zaizkidan detaileak albo batera utzita, eta literaturara etorrita, esango nuke lehen aldiz ikusi nuela garbi, ez-fikziozko nobela gisa sailkatzen denez, egia ere asmatu egin behar izaten dela, hitzak hautatu behar izaten direla egia kontatzeko, xehetasunak aipatu edo ez erabaki, nondik hasi, nola jarraitu, besteren komentarioak sartu, beste ikuspegi batzuk txertatu... egiak ere fikzioaren forma duela, alegia.
Horrekin akordatzen naiz batik bat. Eta akordatzen naiz baita ere Bernardo Atxagak idatzitako hitzaurrea zekarrela liburuak. Aztarka ibili naiz sarean, eta hara, Igelaren webgunean dator:
Galdera guztiak dira misteriotsu, baina agian misteriotsuena aspaldiko “Zergatik?” hura da, zeren egiten dugunaren zioa ez baita sekula suertatzen bakar, zehatz edo aratz
halanola den bakar, zehatz edo aratz ilargi betea gau oskarbian. Eta horregatik gelditu zen erantzunik gabe Ahalguztiduna bera ere Abelen buru txikitua ikusi eta Kaini galde egin zionean. Eta horregatik abiatu zen mende asko geroago Truman Capote Kansas estaduko mendebalera, eta horregatik ibili zituen behin eta berriro hango herri, bide eta ordeka garitsuak, hain zuzen ere Ahalguztidunak berak ere lortu gabea lortzeko, erantzun bat, erantzun bat, erantzun bat, benetako erantzun bat: Perry, Dick, zergatik hil zenuten Clutter familia on hura –Herbert, Bonnie, Kenyon eta Nancy– azaroko gau batean? Diruagatik, entzuten zuen Truman Capotek, gaiztakeriagatik, oso familia eta gizarte egoera txarrekoetan jaioak zirelako, gure moraltasuna eta gure legeak arrotz egiten zitzaizkielako… Baina bera, sinesgogor jeneraltasun haiekiko, lanean hasi zen; xehetasunak bilatzen, jasotzen eta pilatzen halanola ero batek soroetako harri txintxarrak bilatzen, jasotzen eta pilatzen dituen mendi bat egitearren, zeruraino iristeko helburuaz edo.Eta azkenean, gogoz eta senaz, egin zuen berak ere mendi hori, bilatu, jaso eta pilatu zituen haren inguruko esames, hitzerdi, informe, albiste, aitorpen eta gainerako izpi guztiak… Ordea bere benetako lana ez zen hori, mendi bat eraikitzea, baizik eta mendi hura liburu batean sartu eta nobela bat egitea; eta azkenean, gogoz eta senaz, egin zuen Truman Capotek hori ere, eta nobela, zoragarria, hauxe da, In Cold Blood, Odol hotzean, euskal irakurleak euskaraz irakur dezakeen libururik onenetarikoa.