Mundu zitalaren kontra

2024/07/17
Mundu zitalaren kontra

Liburutegira joan naiz; atzo ikusi nuen, ordenagailutik katalogoan sartuta, bazeukatela Lizar Begoñak azkena atera duena: Mundu zitalaren kontra. Hizlandia podcasterako aukeratu du gonbidatu batek, eta lehendik ere itxura ona hartua nionez, gustura irakurriko dut egun hauetan, han edo hemen, ohean edo hondartzan, liburuaren azaleko emakumeak bezala.

Gepardo japoniarrak harrigarria egin zitzaidan, Berriako artikuluetan oso ondo ari da, eta esango nuke beti dauzkala gauza interesgarriak esateko Lizar Begoñak, elkarrizketa honetan bezala. Titularretik hasita: "Oraindik maitasunari buruzko sentimendu zaharrak dauzkagu". Nik beti John Cageri lotzen diodan ideia etorri zitzaidan gogora: "Oso erraza da ideia berriak sartzea, askoz zailagoa da zaharrak erauztea".

Elkarrizketan bada beste ideia bat, era batera edo bestera hainbat lekutan agertzen ari dena aspaldian:

Ez dakit pesimistegia naizen edo ez, baina ni ibiltzen naizen irakurle taldeetan nire belaunaldiaren presentzia nahiko urria da, eta nik idatzi dudan liburu hau, adibidez, denontzat da, noski, baina bertan dagoen hizkuntza nire belaunaldiarena da, eta ematen dit pena ez heltzea belarri horietara. Niretzat, errealitatea azaltzeko modu bat da.

Ea zer dakarren liburuak.

 

Erantzuna gehitu