Ni triku zahar bat naiz
Ni triku zahar bat naiz, goseak nago, baina nekatuta ere bai, eta urteen poderioz ikasi dut, adiskideak gurpilen azpian nola hiltzen ziren ikusita, argi horiek autoenak direla, eta autoak ez direla geratzen triku bategatik. Basurdeengatik ere ez dira geratzen, barren.
Ni triku zahar bat naiz, goseak nago, baina nekatuta ere bai, eta ihes egiten didate barraskiloek, armiarma sareak traba egiten dit arantzetan, igelek hanka egiten didate muturren aurrean, dieta kaxkarra daramat aspaldian, eta pendizean gora egiteko gogorik ere ez dut izaten.
Ni triku zahar bat naiz, goseak nago, baina nekatuta ere bai. Atzo bete nituen zortzi urte, makalduta nabil, udazkena da, eta beldurrak akabatzen nago, ez ote nauen mendian korrika ibiltzen diren euskaldun zoro horietakoren batek ostikoz joko gaztaina-morkola naizelakoan.
Munduko sagarroi eta kirikiñook, zabiltzate kontuz.