Bere herrian liburu-azoka bat antolatu dute estreinakoz, eta idazle umoa, gizonezkoa bera, mahaitxoa jartzera animatu da. Kultura zinegotziak eskatu zion, beldur baitzen mahaitxo nahikoa jarriko ez, eta berez ertaina den plazak handi itxura hartuko ote zuen. Hamarkada batzuk atzera etsaituta ibili ziren, politika kontuak tarteko, baina nork esango zion, gure idazle umoari, gizonezkoa bera, morroi horri boza ematen amaituko zuela. Boz ematen ez ezik herriko plazan mahaitxoa jartzen.
Artez paratu ditu bere liburuen ale sortak, ordena kronologikoan. Lehenengo liburuaren alerik geratzen ez, poema liburua bera, baina gainontzekoen ale bana behintzat badu, eta harro dago mahaiaren azalera osoa estaltzeko lain duelako. Atzean tente, leku pribilegiatua da balizko erosleen joan-etorriak aztertzeko, eta, dena esatera, batere okupatuta ez dagoenez, arretaz aztertu du dena. Entzuna zuen liburu irakurle gehienak emakumezkoak zirela baina, kontxo, ez zekien hainbesterako zenik. Batzuk begiratu eskas bat ere eman gabe igarotzen dira paretik, harantzago ezarri dituzten mahaien xerka. Modako literatura, pentsatu du bere baitarako. Bat edo beste geratu egin da, aleren bat ikuskatzen hasi eta, orduan, idazle umoak, gizonezkoa bera, zalantza egin du zerbait esateko egokiera ote den, trama kitzikagarri baten promesa egin beharko liokeen, adoretsu, edo bere idazkeraren bakantasunaz mintzatu, umiltasuna alde batera utziz. Isilik geratu da, ordea, eta erosle potentzialak liburuari buelta eman eta kontrazaleko testua irakurri duenean ezin izan du gogait keinu nabarmen bat egitea ekidin.
Bera da orain ernegatzen hasia dena eta arrapalan etorri zaizkio denak burura: gaur egun dagoen politikoki zuzenera lerratzeko manamendu madarikatua (bere literaturak, esan gabe doa, betetzen ez duena), feminista erradikalek gizonezko idazleei egiten dieten boikot lotsagabea, egungo gizartearen maskaltasun jasangaitza, banda zabalak, txaranga estuak, eta behin jarrita, baita immigranteen erauntsi inkontrolatua ere, euskara arrisku larrian paratzen duena eta, bidenabar, bere liburuen salmentak beheititzen. Sare sozialak ireki eta, mezu hunkigarri ez ezik hunkigarrista baten bidez idazletzatik erretiratzen dela iragartzeko tentazioa izan du baina orduan bere alaba nerabeak esan ohi dionarekin akordatu da: «aita, ez zaitez jarri dramitas».
Ez da dramitas jarriko, beraz, bere behazun-erauntsia bridatzeko gauza izango da, eta baita «norabidetzeko» ere, inoiz hortera-jendeari entzun izan dion moduan. Zeren, klaro, emakumezkoek ez baitiote libururik erosten, baina ezta gizonezkoek ere eta, izatez, beste mahaitxoetan ere, modazko horietan, ez du gizonezko sobera ikusten. Non dira? pentsatu du bere baitarako. Non dira gizonezkoak? Eta, keinu desesperatu batean, haiei zuzendu zaie bere baitan:
Utz itzazue gimnasioak, hasi da erreguka, has zaitezte astean behin sentadilla serieak kentzen eta haren ordez pare bat orrialdetxo irakurtzen. Bigarren astean bost orrialdera irits zaitezkete flexio serieak kentzen badituzue.
Utz itzazue maratoiak. Zoragarria da, baiki, azken kilometroa zuen semearen edo alabaren eskutik helduta egitea baina ez dakizue are zoragarriagoa dela haiek zu liburu bat eskutan ikustea, zure boz eztiz haiei ipuinak irakurtzea.
Sal itzazue itxialdian erositako bizikleta elektrikoak. Shakespeareren obra osoak eros ditzakezue diru horrekin, mundu zabaleko hizkuntza guztietan.
Utz itzazue triatloiak. Sakrifizio handia da haietarako entrenatzea, jakingo bazenute zeinen gozagarria izan daitekeen liburu bat udazkeneko eguzkipean irakurtzea. Zer nahiko zenukete? Oztopo guztiak gainditzeko gai den heroi bipil bat? Abenturaz betetako istorio ekintzaz betea? Hiztegirik erabili behar ez den prosa aratz eta zuzena? Prest naiz edozertarako, inork ez dit kasurik egiten jada eta zuek zarete nire azken esperantza.
Utz itzazue menditrailak, crossfitak, dirua burtsan nola inbertitu azaltzen dituzten streamearrak, gihar beteak edukitzeko dietak gomendatzen dituzten podcastak, utz txiringitoak eta jugoiak, utz itzazue teoria konspiranoikoak esplikatzen dizkizuten bideoak.
Gauza ederra da gorputza lantzea, baina egin kasu Seneka zaharrari, are da ederragoa espiritua laboratzea. Erreparatu iezaiozu parean duzun liburu horri, azal liluragarri horri, barnean zain duzun istorio bihotz-altxagarriari, orrialdeen igurtze berdingabeari, sudur-mintzetara iristen zaizun lurrin ernagarriari. Bizitza laburra da, luzea irakurgai hobeezinen zerrenda. Eror zaitez liburuaren sorginduran, imajinatu ere ezin duzun bizitza loriosa duzu parez pare.
Non daude gizonak
2024/12/03
Azaroaren 24ko Berrian argitaratu zen Beñat Sarasolaren artikulua: Idazle umoa liburu-azokan. Osorik ekartzea pentsatu dugu: