Profileko argazkia
Denok dakigu irudiak irakurtzen. Automatikoki irakurtzen ditu gure buruak, segundo hamarren bat eskaintzen dio bakoitzari, milaka ikusten ditu egunean, gehienak ahaztu egiten ditu ikusi orduko.
Denok dakigu irudiak irakurtzen, eta baita irudiak idazten ere. Batzuk marraztuz, bestek argazkiz, denok ari gara irudiak egiten etengabe; batzuk hitzez ere egiten dituzte ordea irudiak, eta beharbada ariketa guztietan zailena eta beharrezkoena da. Moteldu egiten baitu prozesua.
Lizar Begoña idazleak, Mundu zitalaren kontra liburuan, pertsonaia bat aurkezteko bere sare sozialetako profileko argazkia aztertzen du; denok egiten duguna, bestalde.
Gidariaren profileko argazkia selfie bat zen, plano pikatuan, bekainen azpitik gorantz begira kamerari. Kalitaterik gabeko irudi bat, kolorgea eta pixelak nabari diren horietakoa. Ez dakit zergatik baina lehenengo kolpean mesfidantza sortzen didate horrelako argazkiek, edo hobe esanda: artxibo pixelatuak igotzen dituen jendeak. Alkandora urdin argia (erdi irekia) eta urrezko edo urre koloreko iduneko bat bular distiratsu depilatuan. Atzean itsaso zati bat ikusten zen eta hiru belaontzi lauso.
Eta pentsatu nuen beka bat eskatu behar dudala, urtebetean ikus ditzakedan sare sozialetako profileko argazki guztiak deskribatzeko hitzez, argazki bakoitzari paragrafo bat idazteko.