Zuretzat ene maitea

2025/02/20
Zuretzat ene maitea

Batzuetan gertatzen da: zu Jacques Preverten poemak irakurtzen ari zara APOAn, iloba sartzen da gelan gazteen antzerki eskolatik irtenda, eta aurpegiaz "zer da hau" ari zaizu galdezka, eta zuk ez daukazu azalpenak ematen hasteko gogorik, eta diozu: sekta bat.

Batzuetan gertatzen da: sektan poemak irakurtzen ari zarete asteazken buruzuri batean, Jacques Prevert, Pour toi mon amour, Omonvillen eman zituen azken urteak, hantxe dago bere etxe-museoa, eta lagunak idazten du mezua taldean:

[19/2/25, 20:31:27] Ideien mundua, hitzen bidez azaldu nahi zen ametsena, hil duk
[19/2/25, 20:31:52] Orain dena duk zakil lehiaketa hutsa
[19/2/25, 20:31:59] Nork duen handiago
[19/2/25, 20:32:46] Eta hala ibiliko duk mundua luzaroan
[19/2/25, 20:33:10] Poesia dekorazio hutsa duk
[19/2/25, 20:33:50] Eta dagoeneko inor gutxi kitzikatzen dik
[19/2/25, 20:34:17] Terriblea duk

Batzuetan gertatzen da, atzo gertatu zen. Poema bat idatzi nahiko zenuke etxaurre batean, orain mural hutsalekin edertzen diren horietako batean:

 

Zuretzat ene maitea

 

Joan nauzu txori merkatura

eta txoriak ditut erosi

zuretzat

ene maitea

 

Joan nauzu lili merkatura

eta liliak ditut erosi

zuretzat

ene maitea

 

Joan nauzu burdin merkatura

eta kateak ditut erosi

kate sendoak

zuretzat

ene maitea

 

Eta gero joan nauzu esklabo merkatura

eta zure bila ibili nauzu

baina ez zaitut atzeman

ene maitea

 

 

Pour toi mon amour

Je suis allé au marché aux oiseaux / Et j’ai acheté des oiseaux / Pour toi / mon amour // Je suis allé au marché aux fleurs / Et j’ai acheté des fleurs / Pour toi / mon amour // Je suis allé au marché à la ferraille / Et j’ai acheté des chaînes / De lourdes chaînes / Pour toi / mon amour // Et puis je suis allé au marché aux esclaves / Et je t’ai cherchée / Mais je ne t’ai pas trouvée / mon amour

Erantzuna gehitu