Hitzaren Eskola 2024

Hitzaren Eskola 2019an hasi genuen Azpeitian, Dinamoa sormen gunea ireki zenean. Orain arte lau edizio egin ditugu, eta aurten bosgarrenarekin gatoz. Sormen guneetan ez da oso ohikoa izaten, baina guk Hitzari eremu bat eskaini genion Dinamoan, eta eremu horretako proiektu ardatza da Hitzaren Eskola.
Hitza bera erdigunean jarrita egin dugu eskola hau. Ez diziplina bat, bere tresna eta teknika espezifikoekin, baizik eta hitza bera, bere ertz guztiekin, bere ahal izugarriarekin, bere izaera eta aukera guztiekin. Eta horretarako, hitza euren jardunean era batera edo bestera presente daukaten jendeak ekarri ditugu eskolak ematera, hitzaren ahozko nahiz idatzizko alderdiak lantzeko, eta adierazpide bakoitzak besteak nola aberastu ditzakeen ikusteko, betiere osotasun baten bila: hitzaren jabe egitea belaunaldi berriak, hitza hartzeko bidea jartzea.
Hizkuntza da gure ardatza. Euskara, beraz. Eta hizkuntzaren lanketa kaleidoskopiko batekin sinistuta gaude aberatsago izango garela, tresna hobeak izango ditugula mundua gure hitzekin kontatzeko.
Hitzaren Eskola trinkotzea erabaki genuen iaz, lau irakasle eta beste hainbeste irakasle gonbidaturekin. Era honetan, eutsi egin nahi izan diogu ezaugarri nagusiei: irakasleen aniztasuna eta eskolaren intentsitatea.
2024ko irailean hasi genuen Hitzaren Eskola V, irakasle hauekin:
. MIREN AMURIZA
. IBON ARANBERRI
. MAIALEN BERASATEGI
Eta irakasle gonbidatu hauekin:
. AMAIA EGIDAZU
. MIREN JAIO
. ISABEL ETXEBERRIA
Informazio guztia dinamoa.eus web orrialdean.