Lanak 2001ean Pumori mendira eginiko espedizioan hil ziren bost euskal mendizaleak omentzea eta Suku Mayaren istorioa kontatzea ditu helburu. Emanaldia Soreasu antzokian izango da, 21:00etan hasita. Filmaren emanaldietako sarrerekin biltzen duten dirua SOS Himalaya elkartera bideratuko dute.
2001. urtean Himalaiako Pumori mendiaren (Nepal) gailurrera abiatu ziren bost mendizale gazte: Beñat Arrue aizarnarra, Iñaki Aiertza aizarnazabaldarra, eta Aritz Artieda etxarriarra, Javier Arkauz lakuntzarra eta Cesar Nieto iruindarra. Bidean zirela, urriaren 17an, izotz-jausi batek azpian harrapatu zituen bost euskaldunak 6.300 bat metrora zirela, eta bertan hil ziren; 22 eta 27 urte bitartean zituzten mendizaleek. Benantxio Irureta zena, Xabier Osinalde azpeitiarra, Xabier Ostolaza eta Jon Odriozola zestoarrak eta Jexux Mari Errazu aizpurutxoarra ere espediziokideak ziren, baina horiek beherago zeuden, eta libratu egin ziren ezbeharretik.
Istripua gertatu eta urtebetera Nepalera joan ziren Beñat zenaren gurasoak, Arantxa Gurrutxaga eta Pello Arrue. Bi helbururekin bidaiatu zuten hara: hil ziren mendizaleei omenaldia egitea eta Beñatek bizirik zegoela atera zuen argazkian berarekin ageri den haurra aurkitzea. Haur hori da, hain zuzen ere, Suku Maya, dokumentaleko protagonistetako bat.