Demagun ehun urte barru

2024/09/11
Demagun ehun urte barru

DSS2016 munstroarekin akordatzen zarete? Aipatze hutsak izua eragiten zuen bulego guztietan, buruak mozten zituela zabaldu zen kudeatzaileen artean, zulora eramaten zituela politikariak. Munstroak dena jaten zuen, baita buru argiak ere, baten bat geratzen bazen behintzat.

Xabi Paya zen kultur programaren zuzendaria, eta Anjel Lertxundiri karta zuria eman zioten, nahi zuena egiteko. Eta Anjel Lertxundiren proposamena liburu bat egitea izan zen, gutun truke batetik abiatutakoa. Hauxe idatzi zuen liburuaren sarreran:

Gogoan iltzatuta gelditu zitzaidan, badira urte batzuk, Gombrowiczek Czeslaw Miloszi idatzi zion gutun bateko espekulazioa eta liburu honetan bildutako kolaborazioen muina: bi idazle poloniarrek beren nazioko literaturaren etorkizuna zuten gutun-trukaketaren gaia, eta Gombrowiczek ziotson Miloszi, baina ia bere baitarako bezala: “Hemendik ehun urtera, artean gure hizkuntza existitzen bada…”.

Milan Kunderaren Le rideau liburuaren El telón espainiar bertsiotik hartu nuen aipua. Luzeagoa da orduko hartan azpimarratu nuena, Kunderak aipua eman aurretik egindako iruzkin laburrak ere nire atentzioa erakarri baitzuen. Hona gaztelaniazko testuaren azpimarra osoa: “Gombrowicz, en una carta a Czeslaw Milosz, escribía una frase que no se le habría ocurrido a ningún español: “Si dentro de cien años, nuestra lengua todavía existe”. Orijinalean ere notre langue dio: “Si, dans cent ans, notre langue existe encore…”.

Ordurako irakurriak nituen Gombrowiczen Egunerokoak —bertan ageri da Kunderak aipatutako gutuna—, baina ez nion erreparatu esaldiari. Ez da harritzeko: Kunderak notre langue dioen tokian, Bozena Zaboklickak eta Francesc Miravitllesek, Gombrowiczen itzultzaileek, honela ematen dute esaldia: “Dentro de cien años, si todavía somos una nación…”. Ez da, noski, gauza bera, baina Gombrowiczek Polonia edo nazioa polonieraren komunitate gisa ulertzen du bere testuetan. Zilegi zitzaidan, beraz, esaldia Kunderak frantsesez emandako moduan hartzea. Baina, badaezpada. Katarzyna Sosnowska itzultzailearengana jo nuen. Katarzynak uste nuena baieztatu zidan mezu adeitsu batean. Gombrowiczen orijinalak dio: “Zasto lat, jeśli pozostaniemy narodem […]” (Dentro de cien años, si seguimos siendo una nación”), eta Katarzynak dio bere mezuan: “Iruditzen zait Gombrowiczek multzo kultural baten moduan darabilela nazioa. Hala ere ez nago oso seguru harentzat oso argia ote zegoen nazio kulturalaren eta nazio politikoaren arteko diferentzia. Ezin dugu ahaztu Gombrowicz jaio zela eta hazi zela Poloniak artean ez zeukanean bere estatu nazional propiorik; beraz, harentzat, Miloszentzat eta haien belaunaldiarentzat bezala, nazioaren iraupena gehiago kontzentratzen zen hizkuntzan eta kulturan borroka politikoan baino”.

Sarean dago, nahi duenak irakurtzeko, Demagun ehun urte barru.

 

Erantzuna gehitu