Detaile xume bat

2024/07/09
Detaile xume bat
Adania Xibli

Gaurko Berriak dakar, gure burua Sanferminetan dagoela, festa betean, edo Eurokopan, edo hondartzan, batek daki non, nor bere mundu gerran edonola ere, eta gerra hori inoiz amaitzeko esperantzarik gabe, beste batentzako lekurik gabe, gaurko Berriak dakar Adania Xibli palestinarraren Detaile xume bat nobela euskaraz eman duela Igela argitaletxeak. Baten batek irakurriko du akaso Mediterraneoko hondartzaren batean etzanda, edo Pirinioetan, edo Landetan, edo Balin. Baten batek irakurriko du akaso.

Nerea Arrutik idatzi zuen ekainean Adania Xibliri buruz Berrian. Eta esaldi honekin hasten zuen erreportajea:

Arabieraz hitz bakarra dute literatura eta etika adierazteko: adab.

Eta azaltzen zuen nola LiBeraturpreis sarirako aukeratu zuten Xibli, baina, haren nobela laburra Detaile xume bat (2017) antisemita zela leporatuz, bertan behera geratu zen saria, eta bat-batean betoa jarri zieten liburuari eta idazleari Alemanian. Eta aipatzen du sariaren polemikaren aurretik ere bidea egina zela liburua, J.M. Coetzee idazle hegoafrikarrak goraipatu zuela, besteak beste, eta biek idazten dutela traumatik (sekulako liburua da, bidenabar, Lotsaizuna).

Eta jarraitzen du azaltzen genozidio oro dela kulturala, eta oso paragrafo ederra dakar gero:

Joseba Sarrionandiak kartografiaren zereginari buruz zera zioen Hitzen ondoeza liburuan: «Mapak, munduaren parte batzu erakusteko eta beste batzu ezkutatzeko egiten dira». Estrella de Diego arte historialariak Contra el mapa saiakeran (Maparen kontra) erakutsi du mapak ez direla inolaz ere neutralak, eta geografiaren etimologia, munduaren idaztearena, jarraituz, historia historia denetik, irabazleek idatzi dutela mundua. Xiblik aipatu zuen Israelen arabiera xuxurlatuz hitz egiten dela. Zer-nolako eragina ote du xuxurlatzen den hizkuntza batean idazteak?

Eta horixe: zer nolako eragina ote du xuxurlatzen den hizkuntza batean idazteak?

 

Erantzuna gehitu