Ekarriak

2024/09/19
Ekarriak

Jende batek egunez egun eta urtez urte egindako lan eskergaren emaitza da armiarma, euskal literatura ezagutu nahi duen edozeinentzat ezinbesteko gunea. Baina baita euskarari ekarritako hainbat eta hainbat liburu eta idazleren berri izateko ere; horretarako dago ekarriak.

Eta hor halaxe dator Fiodor Dostoievski:

Dostoievski, Fiodor Mikhailovitx. Nobelagile errusiarra (Mosku, 1821 - San Petersburgo, 1881). Aita sendagilea zuen, eta ama oso gaztea zela hil zitzaion. San Petersburgon ikasle zegoela jakin zuen etxeko laborariek berek hil zutela aita bere gogorkeriagatik. Albiste horrek ekarri zion lehen epilepsia aldia (1838). Ofizial militar bihurtu zen 1843an, baina bere kargua utzi zuen ondoko urtean. 1844an idatzi zuen Gizagaixoak (1846an argitara emana), bere lehen eleberria. Gogolen eragin handia duen eleberri horrek arrakasta handia izan zuen. Liburu horretan agertu zen, halaber, Dostoievskik bere lan guztietan zapalduen alde erakutsi zuen errukia. 1846an Bikia, Bihotz ahula, Gau zuriak eta beste kontakizun batzuk idatzi zituen. 1847tik aurrera gazte liberalen taldean ibili zen. 1849an talde hartako guztiak preso hartu eta hiltzera kondenatu zituzten. Fusilatu behar zuten momentuan iritsi zen Dostoievskirentzat barkamena agintzen zuen ordena. Siberiara eraman zuten; bertan Biblia beste libururik ez zuen izan eta, erlijio krisi baten ondoren, fededun bihurtu zen. 1853an atera zuten Siberiatik. Omskeko presondegiko pasadizoak Hilen etxeko oroitzapenak (1861) eleberrian kontatu zituen. Tver hirian eduki zuten urteetan epilepsiak sarritan jo zuen. 1859an San Petersburgora itzuli ahal izan zuen eta Stepantxikovo herria eta bertako biztanleak eleberria argitaratu zuen. 1860an mendebalzaleen eta eslabiarzaleen arteko eztabaidetan hartu zuen parte; bi joeren artean jarri zen bera. 1864an Lurpeko oroitzapenak obra filosofiko mistikoa argitaratu zuen. Liburu horrek argitzen du Dostoievskiren nortasuna eta agerian uzten du egileak gizonaz zuen ikuspegi bikoitza (azaleko kontzienteak askatasun egarri dagoen subkonzientea ezkutatzen du). 1866an erruki guztia jalki zuen Umilduak eta irainduak (1861ean idatzia) obraren ondoren, Krimena eta Zigorra, Jokalaria eleberri handiak argitaratu zituen. 1867an, eri eta zorrez beterik, Alemania eta Italia aldera jo zuen. Jokalari porrokatua izaki, zeukan diru apurra ahitu zuen jokoan. 1868an Ergela eleberria agertu zen, 1870ean Senar hilezkorra eta 1871n Deabruak hartuak. San Petersburgora itzuli ondoren Dnievnik pisatelia (1873-1881, Idazle baten egunerokoa) kontakizun bilduma hasi zen idazten. Bertan ipuinak eta artikuluak aurkeztu zituen. 1880an Karamazov anaiak eleberria eman zuen argitara. Azken eleberri hau zen, beste guztien artean, onena bere irudiko. Dostoievskik gizonaren bihotzaren zoko ilunenetan zegoena kanporatzen asmatu zuen; psikologia azaltzeko erakutsi zuen trebetasunak, une distiratsu zenbaitekin batera, XX. mendeko eleberrigintzan eragin sakona izan du.

Beharbada, egunen batean, Lurpeko oroitzapenak euskaraz irakurtzeko modua izanen dugu.

Erantzuna gehitu