Ezetz astea ondo bukatu

2024/07/23
Ezetz astea ondo bukatu
Thomas Demand artistaren Embassy I lana

Gorka Bereziartuak bloga du Argian, gauza zaharruno hori, hitzak eta hitzak, vade retro!

Eta aspaldian idatzi dituenak gustura irakurri ditut, irribarre bat ateratzen dit. Antologikoa iruditu zitzaidan bere laburrean Trumpen atentatuaren ostekoa: Atentatu politikoa garai banaletan.

Seguru asko aspaldian bueltaka nerabiltzan kontuak esan nahi nituen bezala idatzita topatu nituelako. Irakurtzeak hori dauka: hitzetara ekarri ezinda zenbiltzan gaitza, formarik eman ezin zenion ondoeza, garbi agertzen zaizu bat batean.

Ezerk ez du garrantzirik, dena desagertzen da pantailan gora: gaur AEBetako presidentegaiaren aurkako tiroketa da; baina bihar, etzi, etzidamu, gauza bera izango da palestinarren aurkako genozidioarekin; eta hortik beherako guztiarekin, zer esanik ez.

Ezer ez baita inportantea. Scroll bat bezain leun eta indiferente bihurtzen ari gara denarekiko. Faxismo berriaren elikagai nagusia jarrera horretan dagoela iruditzen zait, eta ez Trumpek belarria odoletan eta ukabila itsututa egin zuen keinua bezalakoetan.

Hiztegira jo dut, scroll egitea zer den badakidan arren, scroll horrek zer esan nahi duen (zuen?) jakin nahian, eta paper-biribilki esan nahi du, pergamino, baita boluta edo kiribildura ere, izena denean. Aditza denean, elhuyar hiztegiaren arabera, korritu esan nahi du, gorantz korritu, beherantz korritu. Eta bada korritze-barra ere, pergaminoa irakurri gabe zabaltzeko. Morris hiztegiaren arabera, pantailan gora eta behera mugitu esan nahi du, eta badu beste adiera bat ere: pertsianarena egin.

Eta polita iruditu zait pertsianarena egin, zer ote da?

Erantzuna gehitu