Fenicha for ju

2024/07/04
Fenicha for ju

Mundua bukatu zaizunez, zeure munduan bizi zara orain. Prentsa irakurtzen duzu, batzuetan baita paperean ere! Eta atzo Blanca Urgellen artikulua irakurri zenuen Berrian, izenburuagatik akaso: Garikano eta Noe.

Blanca Urgellek kontatzen zuen Asun Garikanok Euskaltzaindiko sarrera hitzaldian Noeren ontzia egitasmoa azaldu zuela, "Hezkuntzarako Euskal Testuak" daukana bigarren izen. Eta bere garaian Bernardo Atxagak eta beste hainbatek aipatutako ideia bat errepikatzen zuen:

Gutxi dugula pentsatu ohi dugu euskaldunok. Alabaina, Garikanok begien bistan ipini zigun soberan genukeela, badugula jakingo bagenu.

Lehen ere irakurria nuen zerbait, Garbiñe Ubedak elkarrizketa egin zion Berrian Asun Garikanori. Eta orduko hartatik gogoan neukan Noeren ontziaren kontu hau. Denok ere gertu dakusagu dilubioa, antza. Asun Garikanoren beraren hitzak dira:

Noeren ontzia izena eman diogu bildumari. Izan ere, Noe patriarkaren antzeko espirituarekin ekin diogu lanari: erreskata ditzagun gure ondorengoek ezagutu beharko lituzketen euskal testuak, ekar ditzagun lehen planora uholde handiak zeru-lurrak estali baino lehen.

Ba sartu naiz Noeren ontzian, eta hor ibili naiz jirafa, elefante, errinozero, hipopotamo artean, eta halako batean, oso gerora, konturatu naiz Noeren ontzia balea bat dela, Geppetto jan zuen bera, edo Jonas Poisson, edo Anariren kantuetakoa, irla bera da.

Eta balea arrantzara Islandia aldera joan ziren euskaldunek asmatutako Euskara-islandiera pidgina irakurriz entretenitu naiz, Noeren ontzi batetik Noeren beste ontzi batera jauzi eginda, Wikipediara, alegia.

Noeren ontzia, Hizlandia, irla bera da.

 

 

 

 

 

Erantzuna gehitu