Gillotina

2024/05/22
Gillotina

Nork esan didan?, hori nik adina jakin nahi izatea da… Zehatza izaten saiatuko naiz ordea. 

Kontua da, gutxi barru, laster, gillotinara eraman behar nautela. Hala da, bai. Lau, bost, sei, zortzi puskatan zatikatuko nauten ez dakit, gehiagotan beharbada. Altzairuzko ahoak, azala ez ezik, barruko muinak ere sorbatz irritsuz pikatuko dizkit. Ihesak baina, ezinezkoa dirudi aspalditik.

Ekoizpen industrialaren arauz ehunka ale osatu gintuzten, denok elkarren berdin antzeko. Edizioa esaten zaiona. Handik atzera, zoriak eta, gehien bat merkatuaren logikak, erabaki dute gu guztion patua. Baita nirea ere.

Egia da, orain baino lehen, egin gintuzten unean bertan, izan genuen estraina ebakien eta hainbat ertzetako paper zimurtu eta bizar printzaturen berri. Plametan irarrita tinta bustiaren usain sarkorrarekin prentsatik atera, orri bikoitzetan moztu doi-doi, tolestu, kola eman, eta orri sortak estu-estu azal banari itsatsirik, pilatan tranpala osatuz laga. 

Batzuk ez dugu egundo biltegi zokoa besterik ezagutu geroztik. Suertekoenak, berriz, inoren esku eta begi ninien lagun egitera helduko ziren, baina izan badira guk baino ibilera tristeagoa izan dutenak. Eta ez bat eta bi.

Pentsa, aldi batez erakusmahai eta dendetan salgai egon, onenean hainbat aste eman kinka beteko esperoan, zer da eta, ibili-ibili eginda, itzulketa malapartatuak tarteko, atzera bueltan almazenean amaitzeko.

Gogorra behar du. Barruak zabaldu eta gordean dituzunak azken letraraino inoren gogo-bihotzetan isurtzeko txakur-ametsak haizatu, bakarren bat halako batean hunkitzea, limurtzea erdietsiko duzula uste izan, haren oheburuko irakurgai izateko fantasia zoroa sinesteraino, eta gero, inork maite ez zaituelako zaputz gordinenaren ozpina irentsita, apalategi ospelotako hilduran etsi behar izatea. 

Industriak ez du abisu ematen, uste dut inor ez gaudela ondo prestatuta horretarako. Ze zu egin, egin zaituzte, bai, ondoren baina, nork pentsatu behar zuen batere eustarririk gabe, zerua goian eta lurra behean, merkatuaren joera apetatsuen ariora, bakar-bakarrik utziko zintuztenik? Egun, bistan da, diru legeak agintzen du denean. Eta entendimentua sentimenduekin uztartu ezin honek galdu gaitu gu. Ihesa ezinezkoa da dagoeneko.

Bai, afektuen graziarik dastatu gabeko liburuak gara gillotinara bidean. Bata bestearen atzetik goaz, lerro-lerro. Liburu zaharrak, ez mortal txarrak derrigorrean, bai ordea liburu ahantziak, itsustuak eta jada ez dagokigun tokia hartzen beti traban gaudenak, ezaxolaren giltzarrapoaz zurrun. 

Hala idatzi zuen poetak: “liburu hertsiak atautak dira, liburu irekiak itsasuntziak”. Beraz hilkutxaz mukuru behar dute munduko liburutegiek, handi zein txiki izan. Eta liburuak antsiaz zain, buru-jan etengabean, zein esku ongilek irekiko ausazko ordu eztian. 

Lasai asko izan zaitezke hilkutxa, baldin halako batean barruan irakiten daramazuna jaregin eta inguruko airea, bazter auzoak, trafikoa edo umezurtzen loa garaztatuko duzun segurantzia baduzu, esaterako.  Gure zoria baina bestelakoa da. Soberan, noiz xahutuko, labanaren aho handiari beha gauden liburu mutuak baino ez gara. Hori besterik ez.

Nire orriak eta hitzak inor artegatzeko edo kitzikatzeko aukerarik gabe desegingo dira. Balizko zirrara, plazer eta aieru gorde hauek guztiok galduan doaz liburuen historiaren hodi zulo hondo gabean behera.  

Gillotinak mila-txiki egingo gaitu aurki. Eraginkortasun ekonomikoaren iraultza da. Oparitan ere ezin omen gaituzte eman jada, horrek argitaletxearen kontularitza eta balantzeetan akatsa sortuko bailuke. 

Nire destinoa onenean birziklatze ore bilakatzea izango da. Jakizu zertara aldatuko nauten! Nor bat garatu ahal banu sikiera! Tira, betiko joan aurretik hala ere, saiatu nahi dut atzetik datozenentzat maina jario honen hondarrean oin-arrasto baikorrik uzten. 

Izan ere, gutxien espero denean, izan bakardadearen begiz betetako sasitzan, izan izuaren joskuretan, erne daitezke han-hemen edertasun firfirak. Aski da bi orri harroturen arteko zirrikitua, aire ganbera minimal bat, edo desioaren harramazkek inpentsan ernarazitako perpaus solteen gerrian malenkoniazko orinen loratzea… Oraintxe ez dakit baina, ederraren orratzak ere okertuak ez ote ditudan!  

Honaino iritsita, bestalde, atarramentu oies honen errudun bila hasteari ilargi jaio berriari tu egitearen pareko deritzot. Neke hutsaletan hutsalena. Hala ere, hitzez jorratu ninduen idazlea aurrean baneuka, barrenak arintzeko edo botako nizkioke pare bat. 

Esango nioke: Nola lortu duzu idatzi duzunak hainbeste urteren buruan inoren interesik ez piztea? Ez duzu uste zuk hau argitaratzeak, esateko zerbait hobea izango zuen norbaiti bideak itxiko zizkionik? Ez ote nau ni gillotinaren arku anker honen pera zure egoismoak ekarri? 

Editoreari ere antzera mintzoko nintzaioke ahal banu.

Egin gabe, nireak egin duela esan beharko dut. Ez nau oraindik inork sekula irakurri, ez nire barruko hostoak orrikatu, ferekatu, usaindu, maiztu... Jarri nauten azken gabeko uhalean banoa aurrera. Ihesak jada ez dirudi ez posible, ez zilegi. 

Baina-baina, itxaron! Norbait dabil nire ondoan makina hau, gillotina gobernatu nahian. Hurbiltzen ari zaidan hori esku bat dela ematen du. Uste dut norbait hasi dela hizketan… Borrero irakur zalerik ba ote da?

Agian borreroak ez dira egunero hogeita lau orduz borrero izango soilik. Beste askori ere gertatzen omen zaio hori... 

-Bai?, bai? Kaixo! Niri ari al zara?

-Barka, hor goitik zure irri dirdaitsuak itsutu egiten nau pixka bat.

-Nork esan didan?, hori nik adina jakin nahi izatea da… Zehatza izaten saiatuko naiz ordea. 

- Neure begiz ikusitakoa kontatuko dizut. Bai, gauza batzuk jakiteko bertan egon beharra dago. Beste batzuk buruz dakizkit.

-Bai, pisua 243 gramo. Eta 21 zentimetro luze naiz, zabalean 13. 

-Bai, 176 orrialde; ipuinak, aizu!

 

Jose Luis Otamendi