
Askatasunaz
Azpeitiko plazan mitina antolatzeko ausardia heroikoa izan zuten ezkerreko koaliziokoek hauteskunde bezperetan.

Joxe Mari Lopetegi, Errepublikanoen Bertsolaria
Joxan Elosegi
(Gaztelupeko Hotsak/Paper Hotsak, 2004)
Giro politiko nahasiko garai bat azpimarratzea Euskal Herrian, Pernandoren egia da. Aldeak badira, noski, eta handiak, aldi batzuk eta besteen artean, baina axaletik begiratuta lasai esan daiteke hemen egundo ez dugula besterik ezagutu. Gatozen beraz 1931ko ekain gori hartara.
Jauntxokeria eta hauteskunde iruzurra guztiz errotuta zeuden Hego Euskal Herrian ere, Espainiako II. Errepublika iritsi aurreko mende erdi ingurutik. Errepublika ezarri berriak, besteak beste ordea, hauteskunde legea aldatzea erabaki zuen eta , handik gutxira, estreinakoz andrazkoen boto eskubidea onartuko zuen 1931an bertan.
Puri-purian ziren auzien artean, hemen indar berezia hartu zuten, garatu nahi zen Errepublika ereduak eta, batez ere, Autonomia estatutuaren aurreproiektuak. Azken horri dagokionez, gurean ezkerreko eta eskuineko alderdien artean lubakia sakondu zuen eten nagusiak erlijioarekin zuen zerikusia, konfesionaltasunaren alde baitzeuden batzuk, eta laikotasuna defendatu nahi zuten besteek.
Ekainaren 28rako konbokatu zen Espainiako Hauteskunde Orokorretako lehen buelta. Hona bildu ditugun bertsoen hariak bi koalizioren arteko kontrakotasuna azpimarratzera garamatza. CVDE (Jeltzale eta karlisten koalizioa) zen alde batean, eta haien parean Conjunción Republicano- Socialista- ANVk osatu zuena zegoen.
Azpeitiko plazan mitina antolatzeko ausardia heroikoa izan zuten ezkerreko koaliziokoek hauteskunde bezperetan eta, jakina, azpeitiarren olatu suminduaren oldarra euren hezur eta mamietan probatu zuten hebain-hebain eginda atera ziren lau hizlariek, hara heldutako beste hainbatek bezala.
Gertaera haien lekuko aparta egokitu zen Joxe Mari Lopetegi bertsolari irundarra eta, gaurdaino dakigunarekin, esan dezakegu bera izan zela plaza honetan bizitakoa deskribatzeko erabili zuen nazi hitza, euskal bertsotan lehenbizikoz idatzi zuena. Bitxikeria horretatik harago ordea, opari polita egin zigun Lopetegik sei ahapaldiko erretratu horrekin, tarteka zainetan dakargun lokatzari ere zuzen begi emateko.
Beste askotan bezala, kronika artistiko sozial honen berri ere aspaldiko bertsolariaren aho-eskuetatik, egungo herriaren begi-belarrietara kantuz eta liburu bidez heldu zaigu. [Joxan Elosegi: Joxe Mari Lopetegi, Errepublikanoen Bertsolaria (2004, Gaztelupeko Hotsak/Paper Hotsak); Joseba Tapia: Askatasunaz]
Askatasunaz
Zer buruzbide bihotz gabe
zer anaitasun zitala
zer gizontasun neurri gabea
zer zentzu gabeko ergela
zer gertatzen da Euskal Herrian
zerk garabiltza honela
zer itxuretan anai jatorrak
zer pakez ezin gaudela
zer esan nahi du jarraikera honek
zer, zentzu gabeak gerala
Nun gertatu da honelakorik
nun jaunak, nun, Azpeitian,
jesuita ta erlijiua
besterik ez dan tokian
Askatasunaz gaudezelako
lau lagun aruntz joan ginan
gure barrengo fede leiala
aitortutzera hitz bian
ekin ziguten laueri milak
guztiz modu itsusian
Gugandu ziran atzaparrakin
lepotik ito nahiean
udazkenean nola enarak
alanbrearen gainean
hitz bat egiten utzi nahi ezik
modurik okerrenean
odolean ezin irukirik
min zutela barrenean
beldur ziraden bihurtutzeko
norbait gure esanean
Garate jauna Bergarakoa
euskaldun jatorra berez
euskalduna bai ezkerrekoa
apaizak ekusi nahi ez
heldu zioten zamarretikan
lau puska egin beharrez
Santakruz zanan odol beretik
nazi dira gure ustez
Aita Inazio sortu herrian
bihotz onekoak daudez
Gomendio zan honen laguna
jaun on bat oñatiarra
hotzikan gabe laja diote
gizajoari bizkarra
tira ta bultza hautsi zioten
soinean zeukan zamarra
ekustearren zeinen pizkorra
berez dan azpeitiarra
Askatasuna indartutzeko
ez dago kuadrila txarra
Mila baziran lau zatitzeko
ez al da lotsa euskalduna
atzerrietan ai zer fama guk
ekusi behar deguna
hau al da lege erlijiuak
erakutsitzen dizuna?
Modu horretan baldin badabil
maltzurtzar bihotz-astuna
bide hortatik ez da etorko
Euskadin Askatasuna.