Goiz-Argi Elkartea

Goiz-Argi Elkartea

Juan XXIII auzoan jazo zen 1974ko udaberrian Gregorio Losada (Gregorio Posada) goardia zibilaren kontrako atentatua, eta bertan dago, baita ere, liburuko pasarte batzuetan ageri den Goiz-Argi (Arauntza) Elkartea.

Goiz-Argi Elkartea

Hamaika Pauso

Ramon Saizarbitoria

(EREIN, 1995)

Ramon Saizarbitoriaren Hamaika pauso (1995) eleberriak Daniel Zabalegiren fusilatzea du ardatz. Aldi berean baina, Euskal Herriko belaunaldi baten biografiatzat ere hartu behar da nobela hau. Euskal literatura modernoaren mugarrietako bat, askok esatera. Kontatzen duenagatik adina, Saizarbitoriak maisuki darabilen esku trebearen kausaz.

Daniel Zabalegi da egileak Anjel Otaegiri fikziorako eman dion izena. Eta haren bizitzarekin lotutako gehienek Azkoitian, Azpeitian, Nuarben dute gertaleku, A- izenaren pean mozorrotzen den bailaran. Zabalegiren haurtzarotik hasita, Francok heriotza zigorra emanda hil osteko hobiratzea bitartean, A- herri asmatu horretako zinema, gasolindegia, elkarte, etxe, kaleak eta jendea erraz ezagutzeko moduan agertuko dira.

Eta hain zuzen ere, hamaika pauso horien ibilerak ezin izan du bazter utzi Azpeitiko txoko hau. Izan ere, Juan XXIII auzoan jazo zen 1974ko udaberrian Gregorio Losada (Gregorio Posada) goardia zibilaren kontrako atentatua, eta bertan dago, baita ere, liburuko pasarte batzuetan ageri den Goiz-Argi Elkartea (Arauntza Elkartea).

Hala ere, Zabalegirekin batera, Hamaika pauso eleberriko beste protagonista gailena, Iñaki Abaitua narratzailea eta pertsonaia da.

Jarraian dastagai dituzu pasarte aukeratu batzuk. Beherago, berriz, gaiarekin eta, zuzen edo zeharka, Anjel Otaegiren figurarekin lotutako hainbat dokumentu osagarriren berri ematen da.

Pasarte hautatuak

ATARIKOA

Ordu gutxi barru bistaz hartzen duen eremuko punturen batean hilko dela dakienean jada: hortik has daiteke kontakizuna, edo lehenagotik, lehenagotik baitzekien alboan, badiara ematen duen etxean, leiho bat aukeratuko zuela –Juliaren salakoa– bere azken begiradarentzat euskarri. Momentu orok du lehenago bat eta, gauzak hasieratik kontatzeko ahalegina alferrikakoa denez, zilegi da historiari edozein pasartetatik ekitea. Eta amaieratik hobe. Amaierak bai, zehatzak baitira, erabatekoak askotan.

1-

Nolanahi ere, edozein espantu da posible eta sinesgarri gorpu bat lokatzetan datzala onartuz gero. Inguratzen dutenen zirkulua estutu egiten dela, adibidez, eta handik irten den batek oin puntaz ukitzen duela saihetsetan, puntaz bakarrik, gorpua sentitzeko ikaraz bezala, higuinez beharbada. Baina azkenean, bota azpialdean sartu eta ahoz gora itzuliko du ostikoz.

Aurpegi lohitua. Uztaiturik geratzen da, handi eta astun, deseroso, eskuak bizkarrean loturik dituelako.

"Berrehun libra gutxienez". Hori esan du besazpitik heldu eta lurretik altxatzen hasi den batek, eta barre egin dute beste batek “será el plomo” erantsi duenean. “A que no hasta el furgón”. Trabes egiten diote, ezetz bakarrik eraman ehunen bat metrora kamionetaren kaxan zain dagoen zerraldoraino, eta desafioa onartu duenak, besazpitik helduz, arrastaka darama, golde traketsa bailitzan, lokatzetan bi ildo paralelo irekitzen dituelarik inertziaren eraginez gorpuari zabaltzen zaizkion zango biez.

Arnasestuka, atzeraka doa kargatzailea, zamaren gainean makurtuta, gainerakoen animo hitzen artean, eta gorpuaren buruak ere atzerantz egiten du binbilika, begi irekiak azpikoz gora, arrastaka daramanaren aurpegia bilatuz temati, zerbaitez ohartarazi nahi bailuen. Eta besteak, karga eramanezina zaiolako, edo beharbada ezin duelako begirada finkoaren zorroztasunik jasan, lurrean uzten duenean, lokatzetan geratzen da, zango-zabalik, errendituriko mozkorrak kale bazterretan geratu ohi diren moduan, eskuinekotik luzatzen den ildoan metro batzuetara galdua eta lohitua datzan oinetakoa eskura diezaioten eskatuz seinalatuko balu bezala.

“Dendan zeuden hoberenak” esan zion amak kartzelara eraman zizkionean, eta esku batez puntatik eta besteaz takoitik hartzen zuen bat, emeki dendariaren zeinu profesionala imitatuz. Tristeak dira zapata lohitu eta abandonatu baten ikuskizunari kateatzen zaizkion irudiak: zapata, sarraski-hondakin natura hil baten platerean; Los pasos perdidos-en portada –”beso zapatos vacíos, sentado sobre cadáveres” esana utzi zuen Miguel Hernándezek– gerrako paisaia suntsituaren sinbolo hunkigarria.

Ez da erraza, harentzat, posible liratekeenen artean patu zehatz baten aukera egitea. Han datza agian oraindik haren zola, Gaztelako eremu galdu hartan, edo hiltzaileetako batek lurretik hartu eta, airean botata, zerraldo barnean kokatzea lortu bide zuen gainerakoen txalo artean, Daniel Zabalegiren bi zangoen artean. Gilotinatuei burua kokatzen zaien tokian, hain zuzen.

Hala gertatu bazen, A-ko kanposantuan, indarrean, haren zerraldo barrena kristalezko irekiduratik zehar usnatu zutenak ezin izan ziren ohartu. Aurpegi odoldua baino ez baitzioten ikusi. Odoldua eta handitua, begiak bi marra baino ez zirela, eta zapaldua ageri zen sudurra ere, odoletan. Adats beltz bekokian itsatsiak sufrimenduaren izerdiz bustia zirudien, edo, kristaletik zehar bete-betean jaso izan balu bezala, zeremonia triste hartara bateratu zitzaion udazkeneko eurijasaz.

2-

"Cabo de la Guardia Civil muerto en atentado" titularraren azpian, gertakizunen kronika laburra zen: autoz, egunero bezala, eta galtzadaren berritze lanak beharturik, oso poliki, eskolako bidean bere alabaren bila zihoalarik, zerbait galdetzeko seinale egin zion bikote gazte baten aginduz geratu zenean, haien tiro gurutzatuen ondorioz hil zen hantxe bertan. Bikoteak moto batean egin zuen ihes, ordu hartan, arratsaldeko seiak, ugariak ziren lekukoen aurrean.

Egunkariek ez zioten bigarren saioan izan zenik. Bezperan ere, Daniel Zabalegiren oharbidez, ordu berean itxaron baitzioten, baina aukeraturiko lekuan abiada handiegia zeramanez, ezin izan zituzten armak ekintza burutzeko gutxienezko bermez atera.

Sumarioaren arabera, lehen saioaren ondoren, ordu erdi geroago, Daniel Zabalegirekin elkartu zirenean, haserre azaldu omen zen. Hamaika Pauso-ren bertsioan, berriz, bera sentitzen da hutsegitearen errudun, eta horrek sinesgarriago dirudi. Nolanahi ere, bi iturrien arabera, hurrengo egunerako utzi zuten ekintza, hamarren bat metro beherago, Iberduerokoen zanga batek bidea alderik alde zeharkatzen zuen parean, leku aproposagoa aukeratu ondoren.

Egunkariek ez zuten azaldu orduan, sumarioak hori ere jasotzen duen arren, nola biharamunean, arratsaldeko seietan, Goiz-Argi soziedadeko erdi itzalean itxaron zuen —hango leihotik zaintzen baitzituen Losadaren joan-etorriak—, bikotearen tiroak noiz entzungo zain, eztarrian korapiloa zuela ziur asko. Eta azkenean tiroak entzun ziren, eta klaxonaren kexa ozen izugarriak urratu zuen airea; sekula etengo ez zela zirudien auhen desesperatu bat. Eta lekuko izan ziren haur eta emakumeen garrasi ikaratuak gero.

"Cerca del lugar de los hechos se encontraban varias mujeres con niños que, asustados, comenzaron a dar gritos".

Baina inork ez zuen gogoan Daniel Zabalegi urduri zegoenik. Arratsean Goiz-Argitik pasatu ziren gehienek zuten gogoan heldu zirenerako bera jadanik han zegoela. Baina eguneroko kontua zen hura. Nolanahi ere, ez ziren asko bildu. Alde batetik, asteartea zelako, eta batez ere, goardia zibilak amorru bizian zebiltzalako tabernak itxiarazten, Losadaren heriotza norbaitek bere biziaz ordaindu beharko zuela esaka.

3-

Orduantxe sartu zen Solana. Ez zuen eskaini zioten koparik hartu nahi izan, eta norbaitek aurpegi txarra zuela esan zion. Eta hala zen, bi gau baitzeramatzan lo egin gabe. Gutxienez. Hilabete igaroa zen Daniel Zabalegik, egun batzuk pasatzera zetozkion lagun batzuk —Getariako arrantzaleak, esan zuenez— berearen ondoan libre zuen etxean hartzeko eskatu zionetik.

Bidezko eta normala iruditu zitzaion hasiera batean, Daniel Zabalegi marearen bat egina zelako Getariako itsasontziren batean, hain zuzen, kresalak psoriasiaren antzekoa zen azaleko gaitz hari ez ziola onik egiten konturatu zen arte, eta azkenean, gertakizunak baino hiru egun lehenago tabernan agertu zirenean, "hemen zeudek lagunak" esan zion, izenik aipatu gabe, eta berak, taberna leporaino zegoenez, ez zuen astirik izan aurpegira begiratzeko ere. lluntzerako, ordea, burua berotua zion andreak, eta ez arrazoirik gabe, zeren, afaritan ikusi ahal izan zuenez, mutil haiek ez baitzuten Getariako euskararik egiten; arrantzale trazarik ere ez zuten, eta okerrena, ez zen ulertzekoa zer egin zezaketen oporretan Loiola inguruko zulo hartan, Benidormera joan ordez.

Arazo hartaz ez arduratzea erabaki zuen Solanak, eta emazteari gauza bera gomendatu bazion ere, hark, bigarren egunean, bikotea irten bezain pronto gela txukuntzeko asmoz sartu zenean, ezin eutsi izan zion ohe azpian gorderiko poltsa zuri-gorri-urdina usnatzeko gogoari —poltsa zuria zen berez, urdinak hirukia eta bertan hesituriko oilarra, eta Le coq sportif zeraman gorriz idatzia, poliziaren agirietan azaltzen denez, lekuko guztiek gorde baitzuten poltsa hura gogoan— eta, lehenbiziko gauza, haren pisuak larritu zuen; jasotzerakoan atera zuen metal hots modukoak arnasa eten zion gero; eta azkenean, bere edukia bistaurrean azaldu zitzaionean, zorabiatzeko puntuan sentitu zen.

Beraz, senarra Danielitorekin hitz egitera bidali zuen, horrela esaten baitzioten Daniel Zabalegiri, mesedez jende hura gainetik kentzeko eskatzera, eta Solanak, tailerrean, emaztearen aurkikuntza eta kezka ulergarrien berri eman ondoren —"badakik emakumeak nola jartzen diren" eta gisa horretako arrazoiak emanez ziur asko— hark arrapostu, ez zutela kezkatu beharrik, ez baitzituzten harrapatuko, eta harrapatuko balituzte ere, militante batek nahiago izaten duela hil, babestu duena salatu baino. Gainera, okerrena gertaturik ere, beroriek ez zuten zertaz arduratu, argi baitzegoen zer esan behar zuten, eta oso poliki hitz egin zion, hitz bakoitza zehazki gogoan hartzea nahi izan balu bezala: berak, Daniel Zabalegik behartu zituela bi haiek etxean hartzera, berei edo sendiko beste norbaiti zerbait gerta zekiekeelako mehatxupean.

4-

Eta gauza bera esan zuen Donostiako Komandantzian. Baita epailearen aurrean ere, hamabost egun geroago eraman zutenean. Artean orpoak handiturik zeuzkan, eta ezin ibil zitekeen pauso normalez ikaragarrizko oinazea sentitu gabe. Horregatik, hanka puntetan igo zituen epaitegiaren atzealdetik San Bartolome kaleko eskailerak, eta, neurri batean, eroso sentitu zen hango bulegoan eserita.

Sumarioan ageri denez, itaunketaren azken galderari —zerbait gehiago esatekorik baduen, alegia—, baietz erantzuten dio, zera esan nahi duela, Solanak ez zekiela ezer, berak eskatuta hartu zituela etxean gizon haiek, arrantzaleak zirelakoan. Hori izan zen hil arte egin zuen aitormen bakarra.

Hil arte ez zuen beste aitormenik egin. Sumarioaren gauzarik adierazgarriena da. Are adierazgarriago, agian, zein gutxitan ageri den Daniel Zabalegi bere sumarioan. Mundu guztiaren azalpenak ageri dira, xehetasunetan aberatsak gehienak, jardun luzeak, torturaren eragin ikaragarria ahaztuz gero ulergaitz gertatzen direnak.

Berak ez zuen deus esan, eta galdetu ere ez zioten asko galdetu. Solana salbatzeko gogoa da gauzarik nabarmenena. Ez dago besterik. Hori bera esan zion Zabalegiren abokatuak Iñaki Abaituari, honek sumarioa eskatu zionean, "ez dago ezer interesatuko zaizunik". Bigarren abokatuak, epaiketan aldeztuko zuenak; lehenbizikoa Bandrés izan baitzen.

Baina Bandrések haren defentsa utzi beharra izan zuen; izan ere, abokatu batek ez dauka sumario berean inkulpaturiko bi kasu batera eramaterik, eta Garmendia Apaolazari, garai hartan behintzat buruan jasotako tiroaren ondorioz serioski gutxituta zegoen arren, Losadaren hiltzaile zuzena izatea leporatzen ziotenez, ziurtzat jotzen zen heriotza zigorra emango ziotela. Bandrések kasurik errazena uztea erabaki zuen, beraz.

Bada abokatu aldaketa horri loturiko pasarte bat Hamaika Pauso-n, Bandrésen beraren ahotik jasoa bailitzan datorrena. Daniel Zabalegiren elizkizunez ari dela, itxuraz alkandora baten ikuskizunak dakarkio kontaera gogora.

Itxuraz, elizkizunen aurretik, edo ondoren beharbada, amari doluminak ematera hurbildu omen zitzaion etxera, eta sukaldeko zoru gainean, zoko batean erdi zabalik zegoen esku-poltsa batean —kartzelatik igorri zizkioten gauzekin, nonbait— alkandora koadrozko bat ageri omen zen, mendirako erabiltzen diren horietakoa. Azken aldiz ikusi zuenean soinean zeraman alkandora bera, esan zuen Bandrések. Azken aldiz hitz egin zutenean, zehatzago; izan ere, geroztik, epaiketan izan baitzuen ikusteko parada.

Eta noski, ikuskizun hark inoiz ahaztuko ez zuen egun haren oroitzapena ekarri zion gogora. Bere bizitzako egunik tristeena, esan zuen. Beraren defentsa utzi beharko zuela esatera joan zitzaionean. Garmendiarekin auzi berean jarri zutenez, ezin zitzakeela defentsa biak hartu, eta arriskurik handienean zegoena aukeratu behar zuela. "Ondo iruditzen zaizu, ezta? Ulertzen duzu Garmendia zu baino arrisku handiagoan dagoela, ezta?", eta, "zuk erabakitzen duzuna, ondo deritzat" izan zen erantzuna. Ez omen zuten askoz gehiago hitz egin.

5-

Mendekotasun sentimendu batek inguratzen ditu Daniel Zabalegiren heriotzaren inguruko eszenak, paisajearen elementu bat, laino heze eta itsaskorra bailitzan.

Ez zion galdetu, beraz, ea berak entzun zion esaten "ez dut deus nahi horien elizarekin". Amaren adierazpena izan zen hori. Aitortzaren eskaintza egin ziotenean, berak Inazio Mujika Iraola eskatu omen zuen, garai hartan A-ko erretorea, azken borondatearen errespetuarena sinetsirik, eta hark bidaia egin bazuen ere, kartzelako atean ez zioten sartzen utzi. Aitortza egiteko edozein apaizek balio zuela esan zioten Inazio Mujika Iraolari, eta kartzelan bazuela bat nahi izanez gero. Eguzkitako antiojoduna, aurpegi ilunekoa. Orduan esan omen zuen ez zuela deus jakin nahi haien elizarekin.

—No quiero saber nada con la iglesia de estos—, gazteleraz esan baitzuen.

Iñaki Abaituak Mujika Iraolarekin hitz egin zuenean, apaizgoa utzita zegoen. Berak garrantzi handia ematen zion esaldiari, "ez dut deus jakin nahi horien elizarekin", ustez, berearekin, herrikoarekin alegia, nahiko zukeela adierazten zuelako. Hori pentsatzen zuen berak.

—Gutako batekin igual nahiko zuen.

Ez zirudien erabat sinetsita ere, ikusten baitzuen bere presentzia eskatu izanak, besterik gabe, herriko norbaitekin hitz egiteko aukeraz baliatu nahia adieraz zezakeela. Kartzelaratu aurreko garaian ez zuen harekin tratu handirik izan, ezta herriko beste apaizekin ere, hori egia da. Halaz guztiz ere, askotan errepikatzen zuen "gutako batekin igual nahiko zuen", zalantzak nahigabetu egingo bailuen.

Daniel Zabalegiren amak eta biek elkarrekin egin zuten bidaia, txibatoa ote zen susmoa ibili izan zen baten taxisean, hain zuzen ere. Gizon ona omen zen gizajoa, eta fama txar hura garbitzeko gogoz ziur asko, Daniel Zabalegiri, Brinkola utzi eta herrian agertu zenean, bestaldera pasatzeko eskaini omen zitzaion. Ez zien bidaiarik kobratu nahi izan. Amak "anestesiatuta" bezala egin omen zuen bidea. Horiek izan ziren apaiz ohiaren hitzak.

Ahalegindu bazen ere, berari ez zioten sartzen utzi. Kartzelan bazutelako apaiza, eta edozeinek berdin balio zuelako, esan zioten. Amak, berriz, ez omen zuen denbora asko egin barruan, eta bueltan erabat aldatua ikusi omen zuen, bere onetik irtenda bezala, bat-batean adoretsu, semeak ez zuela inor hil eta bizia Euskadiren alde ematen zuela esaka.

Dokumentu osagarriak

  • Pepe Gilen Artxibotik, argazkiak
  • Argiako egutegian
  • Iban Arregi: Anjel Otaegi
  • Xabier Sanchez Erauskin: Txiki-Otaegi. El viento y las raices
  • Carlos Fonseca: Mañana cuando me maten