
Paulosestotik
Iñaki Segurolak 'Pauloseston' eman zuen bere bizialdiaren parte handi bat, eta artikulu honetara isurtzen dituen kale izendegiaren inguruko gogoetek, putzu sakonagoetan murgil egiteko bide joria dakarte.
Paulosestotik
IÃÂÃÂÃÂÃÂÃÂÃÂÃÂñaki Segurola
(Urola Kostako Hitza, 2017)
Plazaratu orduko euskal letretan durduza eragin zuen Iñaki Segurolaren ahotsak, eskuarki onartutako pentsamenduetan, egietan eta idazkeran. Beti ikonoklasta eta ertzeko idazle, inor gutxik bezala iritsi zuen gauzen muina, bai pertsonon hitzena eta bai giza jendearen eginena, horren gordin bezain gozo biluztea. Zorrotz landutako sen kritiko minbera piztu ohi zion erakundetze, ofizialtasun edo estandarizatze kutsuko edozein joera larderiatsuk.
Horren guztiaren nahi beste erakusgarri aurkituko du Segurolaren liburu, artikulu eta irratiz bezala egunkarietan emandako zutabeetara hurbiltzeko lana hartzen duenak. Hiztegigile ere bagenuen baina batez ere euskalzuloa zenez, hizkuntzak, euskarak, barruak urratzeraino bizi zuen. Hala ere, Pauloseston eman zuen bere bizialdiaren parte handi bat, eta artikulu honetara isurtzen dituen kale izendegiaren inguruko gogoetek, putzu sakonagoetan murgil egiteko bide joria dakarte.
Hitzezko erraldoi izendatu zuen Juan Luis Zabalak. Horrela idatzi zuen hil berritan hari eskaini zion artikuluan:
“Iñaki Segurolaren prosak beste inorenak ez bezala erakusten du euskara batua zein aberats, indartsu eta bizia izan daitekeen; eta den, azken batean.
Prosa hori, ordea, ezer gutxi litzateke, prosa horrekin idatzitako testuetan ez balego pentsamendu bizi, bakan eta libre bat”.
Sarri askotan irakurleari, kopeta zimurtzea eta barre-irudia lora dakion eragiten dio Segurolak, bere bakardade ahaltsuaren eguzki herabeaz.
Iñaki Segurola Puntuka: 'Paulosestotik'
Urola Kostako Hitza. 2017ko ots. 2a
Hemen plazari 'Plazie' esaten diogu; eta goragoko kaleari 'Goiko kalie'; eta elizaraino doanari 'Elizkalie', eta hola. Bai gauza garbia eta erraza, ezta? Eta'Errebala', 'Artzubiye' edo 'Astoteye' ere garbiak dira, edo ziren behintzat. Izen horiek herriak edo jendeak jarriak dira, eta zerbait esaten dute lekuaren gainean. Kaleko leku-izen ofizial gehienak, ordea, ez dira herri-jendeak jarriak, baizik-eta agintariek edo haiek izendatutako jakintsu eta adituek, eta izen ofizial horietako asko izen ohoragarriak izan ohi dira: Gizon Haundiak eta Ideia Onak, besteak beste. Izen horiek, jakina, ez dute deus ikustekorik lekuarekin eta ez dute hartaz ezer esaten; ezizen ohoragarri batzuk dira, baina ez dute kalea ohoratzen, baizik-eta kale-izenaren jabe dena.
Maiz etorri ohi zait gogora neure mundualdi honetan egin dudan bidea izan dela, tarteko erbestealdiak alde batera lagata, Artzubitik Paulosestora bitartean dagoen horixe (jaio nintzen lekutik orain bizi naizenera), eta horretaraxe biltzen dela nere biografia edo lekugrafia. Baina gaur nabarmentzea inporta didana da beste era bateko koska ere badagoela leku batetik bestera: gure etxe zaharretik bertan zegoen zubi bat harriz egina (Artzubiko zubiye'deitzen dioguna,'zubi'bitan esanez), baina oraingo bizilekuan ez dago kristauen sektaburu izateko'Paulo VI'ezizena aukeratu zuen Montini jaunaren arrastorik txikiena ere, eta ez da sekula egon. Herriaren izena da bata; agintariena da bestea, eta beraz, aldrebesa, tontoa eta moda gailenaren araberakoa, agintariek egindako gauza guztiak bezala.
Zertarako erantsi behar zaio leku bati gizon edo giza-gauza ustez ohoragarri baten izena? Zein errege edo enperadorek agindu zuen aurrenekoz holako izen bat jartzea leku bati? Holako agintari baten laineza buru-ohoragarri batek sortua izango da moda hori segurutik, eta hargatik dauzkagu gaur kaleak eta plazak politiko, agintari eta intelektualen izenez bataiatuak: herrian bertan,'Julian Elorza, Perez Arregi, Jose Artetxe'eta abar; eta'Foruak, eta'Euskal Herria'(kale-izena!), eta'1766ko Matxinada'ere bai, oraintsu jarria, gertakari historiko moduan inori kalterik ez egiteko moduan. Esanda bezala, lekuarekin aparteko loturarik batere gabeak, denak ere. Hainbeste gizon haundi edo boteretsuren artetik'Balentina'emaginaren plaza-izen berriak goxatzen ditu pixkat bazterrak, egia da, baina hemen lekuei giza-izen propioak jartzea ari gara auzitan jartzen, eta gure belarri minbera hauek ezin ameto eman holakorik ere.
Esanda bezala, Pauloseston bizi naiz ni, eta nazka ematen dit gure kalearen izen sektario horrek. Eta, egia esanda, era horretako izenak beti dira sektarioak erremedio gabe, eta iritzi desberdinen'arteko xextra bat antzezten dute eskuarki, berez lekuarekin inolako zerikusirik ez daukana, jakina. Hemen bertan ez da zaila horrelako izen-gerrak irudikatzea: Anjel Otaegiren kalea edo Inazio Uriarena?; San Inazioren pasealekua edo Patxi Piratarena?; Jaungoikoaren kantoia edo Putetxeko Madrearena?; Birjintasunaren estrata edo Ninfomaniarena?; Homeopatiaren plazatxoa edo Ibuprofenoarena?... Akaberarik gabeko disputak, inondik ere, eta azpian egon zitekeen zinezko eztabaida jaten eta ixilarazten dutenak.
Paulosestotik idazten dut. Ingurumari hauetan'Goiko errotan'ibiltzen ginen jolasean; edo gerora anbulatorio bihurtutako'Kartzela zaharrean; tiro egiten zigun karabinarekin'Perdillei'baserriko gizonak bere sailetan lapurretan harrapatzen gintuelarik;'Gautxorin'ere xeoxe egin genuen, ez nahi adina baina. Izen horietako edozein hobea da gure auzoarentzat sekta ume-bortxatzaile bateko buru izandako gizonarena baino. Ez dut'Pauloseston'bizi nahi. Ez dut ezizen desohoragarri hori behar neure lekutxoarekin izan dezakedan lotura edo atxikimendua izendatzeko. Aberastasun ororen zuztarrean lapurreta edo krimen bat omen dago beti: izen haundi baten atzean ere ezin e