Hau da Azpeitia diot

Hau da Azpeitia diot

20. mende hondarrean, 18 urteko poeta batek, orduko eta ondorengo askorentzat ereserki izan den poema idatzi zuen, gutxienez edozein soziologia edo historia tratatuk bezain doi erakusten duena zertan ziren garai hartako Urola aldeko gaztediaren parte baten ezinak eta biziminak.

Hau da Azpeitia diot

Bala zeru urdina

Xabier Aldai

(Susa, 1993)

  1. mende hondarrean, 18 urteko poeta batek, orduko eta ondorengo askorentzat ereserki izan den poema idatzi zuen, gutxienez edozein soziologia edo historia tratatuk bezain doi erakusten duena zertan ziren garai hartako Urola aldeko gaztediaren parte baten ezinak eta biziminak.

Bala zeru urdina poema liburua, 1993an idatzi eta argitaratu zuen Xabier Aldaik, urte haietako poesiak, eta literaturak oro har, ekarri nahi izan zuten eraberritzearen aitzindarietako bat izan zena. Toki bat eman behar testu honi mapa honetan eta, hemen bezala han, Hau da Azpeitia diot poemak, ia inguruotako zeinahi lekutan eta zeinahi alditan esanahi betea hartuko lukeela ziur samar gaude.

 

Hau da azpeitia diot eta 

ez naiz lotsatzen 

ostikoz jotzen dut haizea 

ezpain artean ditut gordetzen 

aintzinako zizareen etsipenak 

hontzen ulu eta habiak 

eta ez naiz isiltzen ez 

      ez naiz isiltzen 

ez bada ozenki mintzatuz 

 

hau da azpeitia diot 

kuriositateaz begiratzen ditut 

zubiz lepa-estuturiko ibai herdoilduak 

betzulo beltzen galdera ikur keinu 

eszeptikoak etxe zahar etxe berriak 

rutinaren ke zutabe beltzak zeru zaharrak zeharkatzen 

aiton-amonak helduak gora eta behera 

kez lohituriko oroitzapenak narraztatzen 

 

hau da azpeitia diot 

bere mamuei begira hau da ene askatasuna 

huntzez eta belez bete 

gaztelu abandonatua hemen epaitzen dira 

kolore guztietako gizakiak irudimenaren 

zerrautsezko hilkutxetan hilobiratuz 

hemen bizi dira 

hemen hil ziren 

azpeitian 

 

hau da azpeitia diot 

tabernek jan dituzte herri honetako 

gazte uniformatuen arima jolas agnostikoak 

hauek dira azpeitia taberna azkoitia 

taberna euskadi taberna 

mundu osoa azpeitia taberna da! 

hau da azpeitia bai 

hau da azpeitia diot 

hemen ama da semearen heriotza jakiten azkena 

hau da azpeitia diot 

tabernatik irtenez