Hegal egiten
Ez dakit liburu guztietan hala den, argitaletxe guztiek egiten duten, baina askok behintzat bai; azal-hegalean idazleari buruzko informazioa datorren bezala, kontrazal-hegalean argitaletxeak aurretik ateratako liburuen zerrenda etorri ohi da.
Garai batean zerrenda hori errepasatzen nuen, horietatik zenbat ote neuzkan irakurrita, zenbat irakurtzeko gogoa, zenbatek ez zidaten pizten interesa, eta abar. Galduta neukan ohitura, baina azkeneko liburuekin itzuli egin naiz gaztetako jaierara, eta ikusi dut zenbat liburu ez ditudan irakurriko inoiz, eta ikusi dut liburu askok pizten didatela interesa, baina ez dakit horiek irakurri arterainokoa den, ala arinago ahitzen den, liburuari buruzko pare bat kontu eta idazleari egindako elkarrizketaren bat irakurrita, esaterako.
Egunen batean nahiko nituzke irakurri, baina ez dira lehentasun, ez dakit nola esan, utz ditzaket hor, irakurtzeko gogoa ematen didatenen zerrendan, eta zerrendan eduki, jakinda gero beste liburu batzuk etorriko direla zerrenda gizentzera, eta halako batean ahaztu egingo ditudala lehengoak, egun batean irrika piztu zidatenak, itzaltzen joango direla neurekin batera.
Mundu zitalaren kontra liburuaren kontrazal-hegalean, gustura irakurriko nituzkeen liburu batzuk topatu ditut, baina bat gailentzen da beste guztien artean: Gizon barregarriak, Joxean Agirrerena.