Hizkuntza jolaserako ere bada

2024/03/26
Hizkuntza jolaserako ere bada

Hitzaren Eskolako laugarren edizioan irakasle aritu zen Joseba Sarrionandia. Hitzen jolasak eta ondoezak eman zien izenburu bere eskolei.

Herenegun ekarri zuen Berriak Iñigo Astizek egindako elkarrizketa mamitsua, tartean hau zioen Joseba Sarrionandiak.

Euskaldunok pasa dugu hainbat mende araurik gabe; azkenean, hizkuntza arautu bat lortu genuen 70eko hamarkadan, eta harrezkero arauari oso lotuta gabiltza. Euskara hizkuntza eskolarra bihurtu da, eta korrekzio bila gabiltza, gehienbat, gramatikan, literaturan eta politikan. Markatuta gaudelako. Eta korrekzio bilaketa horretan, abandonatu dugu parte inkorrektoa eta parte ludikoa ere bai. Eta, nire ustez, Markosen lanak ematen du aukera parte hori errekuperatzeko eta horrekin jolasteko.

Markos Gimeno Vesgaren lana bildu, editatu eta jantzi zuen Markos Gimenoren 101 letrakartel liburuan. Ikaragarria izan zen Hitzaren Eskolako ekitaldi irekian egin zuen aurkezpena; ez genuen grabatu, domaia. Baina han esandakoen antzekoak dira Berriako elkarrizketan aipatzen dituen batzuk:

Literatura baino gehiago, gure kultura da eskizofrenikoa, ze kultura bikoiztasun batean bizi gara. Kultura hori normaltzat presentatzen da, eta esaten da aberastasun bat dela bi hizkuntza hitz egitea, eta, nire ustez, hori da timo bat, gezur bat. Bi hizkuntza ditugu, prozesu historiko bat egon delako kolonialismoaren oso antzekoa, eta hori ez da batere normala. Nire ustez, Markosek anormaltasun hori intuitu zuen, eta egin zituen hainbat ariketa horri lotuta.

Markos Gimenori DAPA bat egin genion, ikusten aspertzen ez garena.

Erantzuna gehitu