Olerkaria

2024/07/10
Olerkaria

Holaxe dago atari aldea: akademiak antolatuta, Anjel Lertxundi eta Joseba Sarrionandia idazleak Gabriel Arestiren lana eta ondarea aztertzen, Alex Gurrutxaga irakasle eta doktoreak gidatuta. Berriarako kronika idazten Iñigo Astiz, idazlea.

Gabriel Aresti, 1975ean hila, duela ia mende erdi. Anjel Lertxundi, 1948an jaioa. Joseba Sarrionandia, 1958an. Hau idazten ari dena Gabriel Aresti hil zen urtean, duela ia mende bat.

Eta interesgarriak egiten zaizkizu kontu hauek. Sarrionandia gau eskoletan ibili zen euskaraz alfabetatzen, eta han eman zieten Arestiren Olerkaria ipuina irakurtzeko.

Argitaratu dituen milaka orrien artean, baliogabe diren hitzak ezabatzearekin obsesionatuta dagoen olerkari bat da Arestiren ipuineko protagonista. Gazte denboran idatzitako milaka eta milaka hitz aztertzen ditu lehenik, eta orriak kenduz eta kenduz joango da, azkenean, hitz bakar batekin geratuko den arte. Eta hori ere, azken unean jakingo denez, alferrik.

Gauza interesgarri gehiago ere badakar kronikak, azken unean jakingo denez, horiek ere alferrik:

«Euskal literaturaren historietan batzuetan deskontestualizatzen dugu, eta euskaldunen arteko genealogia bat egiten dugu, baina ez gara herri independente bat, oso dependenteak gara, eta gure irakurketak oso espainolak dira, eta gu unibertsalak gara espainolez, ze kulturalki Espainiaren erregio bat gara. Lehen modu dramatiko batean, Arestiren denboran, eta, nire ustez, orain ere bai».

Ahaztu egiten dira gauzak: 1985eko uztailaren 7an ihes egin zuen Joseba Sarrionandiak kartzelatik. Sanferminetan.

Erantzuna gehitu