Oporreta
Oporretara gindoazela esan genienean umeei, hiru urteko semeak toponimoa asmatu zuen: Oporreta. Galdezka hasi baitzen: non dago Oporreta? Ikasiko du denborarekin toki mitiko bat dela, beste asko bezala.
Batzuk gorputz osoa daukate oporretan, beste batzuk burua besterik ez oraindik; gehienek badakite, euren buruei aitortzen saiatzen ez diren arren, gauzak benetan gertatu aurreko tarte fantasioso hori dela beti ederrena, baita oporretan ere: nora joan erabaki, bidaia planifikatu, mapak begiratu, ikusi nahiko zenituzkeen lekuen zerrenda egin... eguneroko bizitzarengandik hartu nahiko zenituzke oporrak, baina ez da hain erraza: oporretan ere bada eguneroko bizitza, desberdina izan arren. Eta berdin ematen dute mina haginak eta adinak. Eta zu beti zara zeu, nola hartu oporrak hortik? Batzuetan laguntzen du literaturak, une batez besterik ez bada ere, eta beste batzuetan ezta horrek ere.
Maider Galardik Kanpin jendea izeneko artikulua idatzi du gaur Berrian. Goiatz Labandibarrek oraintsu kaleratu duen liburua etorri zait gogora nahi gabe ere: Zoo. Oporretan irakurtzeko modukoa dela esan zuten editoreak eta idazleak aurkezpenean. Kanpinean, akaso. Hondartzan, bestela.
Susmoa dut, hala ere, ez dugula irakurtzen ez dugulako behar; jada ikasi dugulako geure bizitza bera ere, daukagun gauza bakarra, fikzioa dela finean, tarte fantasioso bat, eta halaxe bizi dezakegula, eta halaxe bizi dugula azkenean. Gure bizitzari forma ematen aritzen garen artistak gara orain. Badakigu geu garela protagonistak, ipuina eskasa izan arren, eta nahikoa dugu horrekin.
Baina ez dakit, nik dagoeneko ez dakit ezer. Egunak badoaz. Iritsi da beroa. Igerilekura joango naiz, eta Harkaitz Canoren ipuin zoragarria irakurriko dut berriro, negar egiteko kloro artean.