Orduen txabola

2024/07/29
Orduen txabola
Mendeurreneko liburuxkaren azala

Orduak isuri egingo dira jarioan, orduak joanean, norantza jakinik gabe iragaitzan, turrustan, doazen eran zoro-zoro bildu nahiko lituzketen ontzietan errenditu ezinik, gainezka, kareletik kanpora.

Orduok ez dituzte berriro joko armonia kaotikoan horma eta atari hauetan bere egindako lekuneak, espazioak. 

1916, urrunaren uhertasuna, segundo, minutu, urtaro metatuen izerdi erdoka. Inor gutxi akordatuko da aurki, hemen ere izan zela jendeari denbora ordenatuaren txakur-ametsa eskaini nahi izan zion saltoki bat. Etxekoek, bezeroek, biajanteek, lagunek, pertsonen arteko hartu emanek maiz ondu, eta inoiz miztoz pozoitutako mende buztan luzea izan da. 

Etxabe ospel bat, denda bai, baina sarri herriko kontu jakingarrienen tertulia txoko, biltoki eta, bakanago, gudu zelai arol ere bai.

Egindako lanari eta irabaziei esker, hor eta hortik bizi eta hazitako askoren zainak, bihotzak bezala, bertako solas, jolas, errieta hotsek, algarek eta sartu-irtenek gordeko dute beste inon jaso gabekoen altxorra airearen artxiboetan.

Unean uneko konfidentziak, haserreak, ospakizunak ezinbestekoak izan bide ziren gertatu zirenean, nahiz ordutik hona betiko galdu gehienak. Denboraren aiurria da, mekanika aldagaitza.

Saltegi soiletik hara, herri baten lekukotza eta afektuen estazio dira dendak. Zenbat elkar hartze, zenbat konplizitate eta haustura, zenbat dolu, jaiotza…, eta zenbat leiho zabalik itxaropenak. Horietan beretua du askok larderia eta etsiaren aurrean matxinatzeko kemena, nor izateko grina, eta ilunean poza pizteko karra.

Gure dendan ere egin zen denbora era ordenatu batean gobernatzeko ahalegin eder eta ezinezkoa. Erlojuak sarri, antilopeak aintzirako uberan egarria kentzera nola, inguratzen ziren apalategi eta beira-arasetako dirdira zilarkaran, baina ez zuten lortu egundo ordu berbera ahots bakarreko koruan abestea. 

Arritmia zoragarri horretatik edan du gurean bost belaunaldiren biziminak eta indarrak. Bai, denbora piztia hezigaitza da, libre behar du hilko ez bada, maitasunak bezala.

Baina kito, amaitu dira mundu txiki horren musika zizkolatsuak. Amodioek, erdiminek, gaixoaldiek, familia, jabetza pribatua eta herria salbatzeko konplotek, eta bestelako asmo eder haiek guztiek egin zuten bide bat aski zabala, eta orain badoaz. 

Ez da ordulari taldeen zotin itorik, ez negar antsiarik, ez dandan gangar erlatsik adituko inguruotan puska batean antza. Eta denboraren gurpila orratzik gabe biratuko da aurrerantzean.

 

Jose Luis Otamendi