Urpekoak

2024/07/16
Urpekoak

Pentsamenduetara zapiz bilduta iristen dira eguzki zipitxak goian argi denean. Hesitu gabe datozkit ideiak, erretako fotograma okreak itsasten zaizkit gogoan, poz xor batek hazkura eragiten dit zainetan, tinduz betetako bolaluma deposituak banitu bezala. Ematen du sariak zozketatzen ari direla nonbait, eta inor ez da ezer gabe geratuko behin sakonera honetaraino helduz gero.

Kanpandorreko arkuen artetik loina talde batek txorrotxio hilduak entseatu ditu. Hazpegi beilegia loratu zaio bizartegiko horma-ispilu lohituari. Traktore gurpil gabea haserre dago etxabe bateko sarrera oztopatzen.

Tailerreko tximinian behera eginda iluna hotzarekin disolbatu dela sentitu dut. Zentzumenen noraezarekin etorkor agertzea zail gertatzen da maiz. Niri adiskide bat ere hil zait aste honetan.

Lasai nago. Urtegiko belar hosto-luzeen autoritatea baino ez nezake espero nire besoen hegada asmo baldarrei marruska sotilez kargu hartzen. Uneotan ez dut ezein polizia edo apezen interesik pizteko beldurrik. Biao ordua izan behar du haientzat.

Eta munduak abaila eroa darabil Jainkoak seigarren egunekoak amaitu zituenetik. Hala ere, ur azalak lotsor erakusten duen hodei-lastairaren azpian erdi zoriontsu nabil.

Diotenez, Yusef izeneko ekintzaile sahararra oraintxe ariko dira kanporatzen Loiuko aireportutik.

Parean bi arraun zabal bistara ditzaket palastaka, oinen pean dudan etxeko teilatu erpinean bermaturik nagoela. Oso polita da mugimendu pausatuaren efektua.

Ez, Euridize ez dago hemen, eta ni ez naiz Orfeo. 

Infernuz nahastu naiz berriz.

 

2024-07-05

Jose Luis Otamendi