Zenbatek egingo du euskaraz 2075. urtean?

2024/09/10
Zenbatek egingo du euskaraz 2075. urtean?

Hizlandia podcasterako elkarrizketa grabatzera etorri zenean, Markos Zapiainek esan zigun bezperatik etorri zela, gaua Hotel Loiolan eman zuela, eta gustoa ematen zuela kalean ibiltzeak: haurrak euskaraz, nerabeak euskaraz, gazteak euskaraz, zaharrak euskaraz. "Nerabeak ere euskaraz!", zioen harrituta. Ez dagoela dena galduta, zioen, eta nik, pozari eutsi beharrean, esan nion euskararen oasian bizi garela uste dutela batzuek, baina berez ispilatze batean bizi garela, edo ameskeria batean, nahiago bada.

Neu naiz gero lehenengoa edozein seinale txikirekin poztu eta malkoa dariola jartzen dena, ez daukat erremediorik honezkero. Baina aspaldian bestelakoak dira heltzen zaizkidan mezuak, kezka handia dagoela esango nuke bazterretan, eta gailentzen ari dela akabuaren zehaztasuna gure imajinarioan: gureak egin du.

Beti izan da ekina bezain optimista Kike Amonarriz soziolinguista tolosarra, eta beharbada horregatik egin zitzaidan harrigarria lehengo zapatuko artikuluarentzat aukeratutako izenburua: Zenbatek egingo du euskaraz 2075. urtean?

Uztailean Lleidako Pirinioan egun batzuk igaro ondoren, alabetako batek aipatu zidan harrituta zegoela hainbatetan ikusi zuen jokaera batekin: gurasoek beraien artean eta haurrei katalanez, baina, seme-alaba horiek gurasoei eta beraien artean erdaraz.

Horrela hasten zen artikulua. Gogora etorri zitzaidan orain dela gutxi Beñat Sarasolari irakurri niola nonbaiten antzeko fenomenoa sumatu duela aspaldian Donostian. Beste lagun batek esan zidan bere lagun batek bi seme dauzkala, eta txikienak jada ez duela hitzik egiten euskaraz. Galdu dugu hau, esaten dutela gurasoek.

Anekdota hutsean gera zitekeen kontua, Joan M. Serraren L’ús parlat del català en un tombant decisiu (Katalanaren ahozko erabilera bihurgune erabakigarrian) liburuan fenomeno zabaldua dela eta izendapena ere baduela irakurri ez banu: fills interruptors (haur etengailuak).

Xabier Azkuek X sarean aipatu zion Kike Amonarrizi haur etentzaileak izan beharko lukeela. Eta lokamuts nahasi batean bezala etorri zitzaidan udara honetan semeak bota zidana: aita, guk erdaraz hitz egiten dugu, ez? Lau urte dauzka, nahastu egingo zela pentsatu nuen, gizajoa ni: ez, guk euskaraz hitz egiten dugu. Ez ez, aita, guk erdaraz hitz egiten dugu, errepikatu zidan, desioa adierazteko tonuan. Ez nion garrantzirik eman nahi izan. Ze gauza askotan ez nago batere ados Jon Sarasuarekin, baina honetan bai: haurrek radar berezia daukate hizkuntza kontuetan (ere).

Egileak nabarmentzen duen bezala, gaiari serio heltzeko garaia da, egungo ordezkapen-prozesuak oso azkarrak direlako. 2075erako geratzen diren bi belaunaldietan, gure hizkuntzak ordezkatuak izateko arriskuan daude. Ez da kasualitatea hark katalana bihurgunean dagoela esatea, eta guk bidegurutzearen irudia erabili izana euskarari dagokionez.

Ez dakit zergatik, Anjel Lertxundi etorri zait automatikoki: Demagun ehun urte barru.

Erantzuna gehitu